DATORREN asteko Inauteriak iragartzera datoz asteburu honetan, herrian izango diren bateko Kaldereroak eta besteko Iñude eta Artzainak. Atzo Kalderero txikiak ibili ziren herriko kaleetan. Langile ikastolako ikasle eta irakasleak kalera atera ziren, Meabetik plazara eta herriko kaleetan barrena ibili ziren, gerturatu ziren guraso eta helduekin. Gutxi gora behera 650 bat ume bildu ziren, sekulako kazuela soinua ateratzera.
Gaur Kaldereroak
Gaur berriz, kalderero handien txanda da. Urtero bezala, kaldereroen konpartsa ibiliko da herrian barrena, gaueko 21:00etatik aurrera, beren trapu, kolore, eltze, zintzilikario eta paera zaharrekin. Elur Txori elkarteak antolatzen du konpartsa hau urtero. Lan eta lan ibili dira azkenaldian konpartsa prestatzen eta aste honetan hiru entsaio egin dituzte parte hartzaileekin. Konpartsakideek abiatu aurretik afari mokadua egingo dute elkartean bertan, arratsaldeko 19:30etan. Bihar Iñude eta Artzaien konpartsa Urtero bezala, Urumea ikastolak, inauteriei sarrera emateko, Iñude eta Artzainen konpartsa antolatu du. Konpartsa bihar eguerdiko 12:00etan abiatuko da eta kaxkoko zenbait kaletan ibili ondoren, Gudarien plazara joko du eta bertan egingo du ekitaldi nagusia. 183 lagun ibiliko dira konpartsan, tartean 66 dantzari, musiko eta petsonai zelebre, garai bateko pertsonaiak gogoraraziko dituztenak: globeroak, piruleteroak, barkileroak, umezainak, alkatea, udal idazkaria eta abar.
Konpartsaren ibilbidea
Konpartsa goizeko 12:00etan abiatuko da Urumea ikastolatik eta Gudarien plazatik pasata, Kardaberaz kaletik Plaza Berrira joango da; ondoren, Urbieta kalea, Elkano kalea, Nafar kalea eta Kale Nagusian barrena, berriro Gudarien plazara itzuliko da. Bertan antzeztuko dute ekitaldi nagusia: inudeek txertoa emango diete haurrei eta ondoren udaletxeko agintariengana joko dute umeen izenak erregistroan jartzeko.