Nahas-Mahas azoka: Emausen lana Udalak jarraituko du

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 26a, 01:00

AZOKA eguna izango da gaur Atsegindegin. Dagoeneko ezaguna den Nahas-Mahas bigarren eskuko produktuen azokak tokia hartuko du berriz ere Hernaniko plaza estalian eta herritarrak erosle, herritarrak saltzaile, denak bertan bilduko dira 11:00etatik 14:00ak arte. Garrantzitsuenak bere horretan jarraituko du, erabilitako produktuak, prezioak merke, girotzeko musika... Baina horrekin batera izango da aldatuko den zerbait: antolakuntza. Aurreko bederatzi azoketan Emausek egin ditu antolatzaile lanak, Udalarekin elkarlanean, eta gaurtik aurrera udala bera izango da arduraduna, hortaz, hemendik aurrera azokan postua jarri nahi duenak udalarekin jarri beharko du harremanetan, 943-337043 telefonoan. Arrazoi nagusia ekonomikoa dela azaldu dute udaletik: `Orain arte gauzak oso ondo joan dira eta Emausek azoka egoki aktibatu du, horrelako kontuetan esperientzia haundia dutela erakutsiz. Hala ere, gauza batzuk aldatzeko beharra ikusten genuen, batez ere gastuak murrizteko. Emausen lana oso garesti ateratzen zitzaigun, eta gutxiago gastatuta, gutxi gora behera bostetik bat, kalitatezko azoka eskaintzeko gai garen ikusi nahi dugu. Arazo bakarra ekonomikoa izan da, eta argi gera dadila beraiek egindako lanak balio zuela ordaindutakoa. Ez gara dirua oparitzen ibili orain arte` dio Olatz Urrutibeaskoa udal teknikariak. Dena den, Udalak ez dizkio ateak ixten Emausekin elkarlanean aritzeari eta ziuraski urtean zehar zenbait erakusketa eta tailer egiteko eskatuko dio fundazio sozialari. ´Azoka okertuko balitz, berriz lehengora itzultzeko ere ez genuke arazorik izango` gaineratu du. Baliteke aldaketa horrek beste batzuk ere ekartzea atzetik, baina gaurko azokan ez dira azaleratuko. Gastuak murrizteko helburuarekin, eta herriko musikariei bultzada eman asmotan, herriko taldeek azokan jotzeari ez dizkio ateak ixten Urrutibeaskoak: ´Buruan dabilkidan ideia bat da, baina ez gara beraiekin kontaktuan jarri oraindik`.

40 postu eta 400 bisitari bataz beste
Orain arte herritarrek azokari eman dioten erantzuna ona izan da eta azoka egunetan bostehun lagun ere bildu izan dituzte Atsegindegin. Hala diote Emausetik: ´Ez daukagu datu ofizialik baina esango genuke hirurehun eta bostehun artean ibili dela bisitarien kopurua. Abuztuko azoka kenduta, denetan izan da jende asko eta goia azaroan jo genuen, Joxe Felipe Auzmendik aurkeztutako moda desfilean. Mister Gipuzkoa eta abar etorri ziren!`. Postu aldetik ere ez dute kexatzeko arrazoirik izan antolatzaileek. Berrogeitamarreko topea jarri zuten, eta itxaron zerrenda ere izan dute noizbait. Hogeitamar lagunek izena eman duten hilabeteak ere izan dira, bestalde. Nabarmentzekoa da Irundik, Errenteriatik eta Hendaiatik ere etorri izan direla saltzaileak: ´Gipuzkoan ezaugarri hauetako azoka bakarra da ‘Nahas Mahas’ eta lortu dugu adin eta jatorri ezberdinetako jendea ekartzea. Anekdota gisa, Nafarroatik behin bi neska etorri zitzaizkigun furgoneta salgaiez beteta, eta horiek salduta Asiarako bidaia ordaindu nahi zuten. Edota salgaiei preziorik jartzen ez zien mutiko gazte bat. Hark ez zuen batere saltzen!` Emauseko arduradunen hitzetan. Gaurkoan hogeitabederatzi postu izango dira Atsegindegin, eta horietatik bat baino gehiago izango da salgaiak lehen aldiz jarriko dituena.

Emaus: ´Lan haundia egin dugu eta oso harro gaude kontzientzia sortu delako` Emaus fundazioak apiriletik abendura arte hartu du ‘Nahas Mahas’ azoka antolatzeko ardura, ´haurdunaldi bat` beren esanetan, eta ´oso harro` daude hilabete hauetan herritarrak ´berrerabilpenaren eta bigarren eskuko merkatuaren mundura` gerturatzea lortu dutelako. Begoña Cabaleiro arduradunak Kronikari esan dionez lan haundia izan da hilabetero azoka antolatzea: ´Azoka koordinatzeaz gain, emanaldiak, tailerrak eta erakusketak antolatu ditugu plaza girotzeko. Esaterako, Haize Orraziari buruzko erakusketa bat egin genuen; beste behin logela oso bat aurkeztu genuen; baita ere moda desfile bat... dena erabilitako materialarekin, noski`. Rock taldeak, Txan magoa, batukada eta antzerkia ere ikusi ahal izan dira 2007an zehar ‘Nahas Mahas’ azokaren barruan. Azoka egunetan sei laguneko taldea mugitzen zuten Emausetik, muntaia, apainketa eta mantenu lanak egiteko. Cabaleirok dioenez, lana nekagarria bezain aberatsa izaten zen, alor ezberdinetan lan egiten dutenak elkartzen baiziren azoka egunetan: ´Gizarteratze, eta, Hezkuntza eta Sentsibilizazio alorretako jendea aritu gara nor baino nor, eta kamioiak deskargatzen ederki ohitu ginen!` Emausek egindako lanak jarraipena izango duela espero du Cabaleirok, horrela berrerabilpenaren bidean beste urrats bat emateko: ´guk bidea ireki genuen eta azokaren lehen helburua gainditu dugula uste dut, aurreiritziak kentzea, alegia. Azoka erreferente bilakatu da Gipuzkoa mailan eta bederatzi hilabeteotan jasotako emaitzak positiboak izan dira, baina berrerabiltze kultura zabaltzeko badago lana oraindik`.

Milagros Jodar eta Saioa Llamazares
«Berriak adina balio du azokakoak. Egoera onean daude produktuak»
´Afari batean sortu zitzaigun ideia` diote Mila eta Saioak. ´Etxean gauzak pilatzen hasten zaizkizu eta konturatzen zara agian norbaiti balioko liotekeela`, Milaren esanetan eta ´berrerabiltzeko balio du gainera` erantsi du Saioak. Horrez gain, beti aurkitzen omen da zerbait, eta saltzaile gisa lehen aldia izango duten arren, bai Mila eta bai Saioa ohiko bisitariak izan dira orain arte azokan: ´oso gustuko dugu` diote.
´Niretzako berriak adina balio du han hartutakoak. Egoera onean egoten dira produktuak eta behar izanez gero, ez zait inporta erabilia izatea` dio Saioak. Aurrerantzean jarraitzeko asmoa dute, ´dena likidatu arte` dio Milak barre artean. 

Puri Urretabizkaia
«Horrelako azokak herri
guztietan egin beharko lirateke»
Puri Urretabizkaia Errenteriatik etortzen da azokara. Lau lagun izaten dira azoka hasi zenetik hilabetero Atsegindegin postua jartzen dutenak: ´Ondoan jartzen gara eta, horrela, norabait joan behar badut ere, beraiek postua kontu egiten didate. Nik gaur ere termo bete txokolate ekarriko dut, bero-beroa`. 
´Denetik` saltzen du Purik: liburuak, diskoak, galtzak, oinetakoak, kazadorak eta abar. Ingurukoek ere gauzak ematen dizkiote azokara etor-tzen dela jakinda. Prezioak ´botata` jartzen dituen arren, behin 70 euro irabazi zituen.
Puri Urretabizkaiak argi dauka: ´horrelako azokak herri guztietan antolatu beharko lirateke, denok dauzkagu eta balio ez zazkigun gauzak`.

Maialen, Xiker, Jon, Ainara,
Leire, Alaitz, Ane eta Jon
«Ateratako dirua ikasbidaian Berlinera joateko izango da»
Zortzi gazte hauek Langile ikastolako 4garren DBHko ikasleak dira eta, etxean erabiltzen ez dituzten jostailu, arropa, liburu, aulki eta abar salduta, ikasbidaian Berlinera joateko dirua atera nahi dute. ´Lehen aldia da postua jartzen duguna eta ondo joanez gero, errepikatuko dugu` diote.
‘Nahas Mahas’ azokaz gain, Loiolako Txomin auzoan larunbatero egiten den beste azoka bat ere jo dute begiz, ´agian hara ere joango gara`. Berrerabilpenari buruz galdetuta hala diote: ´Garrantzitsua deritzogu, horrela hondakin gutxiago sortzea lortzen baita`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!