Hernaniko euskaldunak, adi!

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 25a, 01:00

Aurreko astean PNVko zinegotziak erdaraz idatzi zuen berriro Kronika honetara. BERRIRO, diot. Eta horrela erakusten digu euskaldunoi digun errespetua. Bost aldiz dio hernaniarra dela Amonarraizek idazkian. Horregatik gogoratu nahi diot 1871an Hernaniko alkateak honako hau zioela: `hernaniarren hirutik bik, gutxienez, erdara ez du ulertzen`. Hara!, mutazio baten ondorio da hernaniar eredu izan beharko lukeen PNVko ordezkaria. Hiru aldiz dio Amonarraizek zinegotzia dela. Galdera xume bat: zer pentsatuko zenuke norbaitek proposatuko balu kargu publikoetan ez ametitzea euskaraz irakurtzen eta idazten ez dakiena? Hau egin baitzen 1613an Euskal Herrian erdaraz ez zekitenekin. Bizkaiko Biltzarrek erabaki zuten ez ametitzea erdaraz irakurtzen eta idazten ez zekien biltzarkiderik. Eta oraindik bada euskaldunen aurkako erasoak Frankorekin hasi zirela pentsatzen duenik! Behin bakarrik dio politikoa dela, baina seguru nago gaurko politikari ohia izatea gustatuko litzaiokeela. Politika zikindu duten politikariek gezurtero fama dute. Horiek dira ohikoak. Arte hori ongi ikasi nahi badu, hona hemen perla bat. 1716koa da: Kastillatik Kataluniara iritsi zen agindua esanaz jendeak gaztelera ikas zezala katalanaren ordez. Horretarako, `disimulu handiko` hizkuntza-arauak emateko esaten zaie Kataluniako agintariei, `nahi dena (erdara sartzea) lortzeko, baina zergatik egiten den jendea jabetu ez dadin`. Bukatzera noa. 1998an Diario Vascon irakurtzen genuen Gernika A futbol-taldeko jokalari kadete bati arbitroak txartel horia atera ziola berari, arbitroari, `euskaraz hitz egiteagatik`. Amonarraizi abisatu zitzaion euskaraz egiteko -ez entzunarena egin zuen arren-. Beraz, txartel horia atera genion. Oraingoan gorria atera beharko genioke. Horretarako dira hauteskundeak. Enrike Larrarte Arregi.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!