Udal aurrekontu proposamena aurkeztu du Gobernu Taldeak, 30 miloi euroko gastuarekin

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 25a, 01:00

ASTEAZKENEAN aurkeztu zuen Udal Gobernu Taldeak 2008ko aurrekontuen zirriborroa, herritarren aurrean, Biteri kultur etxean. Zirriborroa Ogasun Batzordean ere aurkeztu da aste honetan eta orain, alderdi politiko ezberdinek alegazioak egiteko aukera izango dute otsailaren 12a bitarte. Hurrengo urratsa Ogasun Batzordea deitzea izango da alegazioak aurkezteko eta azken urratsa aurrekontuak Plenoan onartzea izango da. Gobernu Taldeak nahi luke otsaila bukatu aurretik aurrekontuak onartzea.
30.752.320 euro Zenbakiei erreparatuta, proposamenean aurkeztutako Udal aurrekontua 30.752.320 eurokoa izango da. Kopuru horren barruan sartzen dira Udalak Ongintza eta Kirol Patronatuei egiten dizkien diru transferentziak: Ongintza Patronatuari 2.606.600 euro eta Kirol Patronatuari dagozkion 4.139.950 euro. Kirol Patronatuak guztira 4.822.888 euroko aurrekontua izango luke, 2008an, aurkeztutako zirriborroaren arabera, eta Ongintza Patronatuak 6.974.042 euroko aurrekontua. Inbertsioen atalean 6.091.263 euro 2008ko Udal aurrekontuen zirriborroan 6 milioi euro pasa daude inbertsioen atalerako. Atal honetako 2 milioi euro izan dira herritarrek egindako proposamenetara bideratu direnak, bilera irekiak egin baitituzte. Igerilekuak haunditu, auzoak urbanizatu eta alokairuzko etxebizitza publikoa egiten hasi UDAL Aurrekontuak atal ugari jasotzen ditu. Inbertsioen atalean bi alorrek eramango dituzte partida garrantzitsuenak. Batetik, kiroldegiko igerilekuak haunditzea aurrikusten da, eta bestetik, Antziola auzoa berrurbanitzea. Auzoen urbanizazioekin lotuta, 2008an La Cumbre urbanizatzea aurreikusten da, baina obra hori 2007ko Aurrekontuetan sartuta zegoen. 2008ko Udal Aurrekontuetan Zikuñaga auzoa urbanizatzeko ikerketa egiteko partida ere aurreikusten da. Parke publikoei ere garrantzia eman nahi izan die Gobernu Taldeak eta aurrekontuetan 1.900.000 euroko partida aurreikusten da parkeak txukuntzeko, tartean Villa Politena ingurua eta Pana parkea. Ave Maria parkearen erabileraren inguruan, prozesu parte hartzailea irekitzea aurreikusi du Udalak. Azkenik, asteazkeneko aurkezpenean azaldu zutenez, 2008an hirigintzako aprobetxamenduetatik 400.000 euroko diru sarrerak aurreikusi ditu Udalak. Diru hori etxeak eskuratu eta alokairuan jartzeko erabiliko du Udalak, etxebizitza parke publikoa sortzeko. Bizigune programa ere jarri nahi da martxan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!