Madrileko Gobernuaren eta PSOEren errepresio egarria ez da asetzen. PP baino urrutirago iritsi nahi horretan zeharo itsutu eta ate guztiak ixten ari dira. Botereak itsutu ditu eta PP baino españolago nahi izate horretan ez dute erreparatzen eskura dauzkaten bitarteko guztiak erabiltzeko orduan, ezker abertzalea behin eta berriz zigortzeko. Modu basati eta mingarrian saiatzen ari da gainera. Lehen GAL izan zen, bere ondorio lazgarriekin eta geroztik errepresio bideetan PP baino gehiago ari dela erakutsi behar horretan, egunero jasan behar izaten ditugu PSOEren erasoak. Alderdien legearen bidez, jokoz kanpo utzi nahi du ezker abertzalea eta bere buruak espetxean nahi ditu. Horretan ari da Estatuaren indar guztiak gure aurka jartzen, hain justu bakea eta justiziaren alde, bideak asmatzen saiatu beharrean.
Ezker abertzaletaz haratago doan 18/98 epaiketak utzi dituen sententzia izugarri, neurriz kanpo eta zigortzaileak ere ederki asko erakusten du demokrazia deitzen dioten honen maila, beti ere euskaldunen kalterako noski.
Tortura salaketa hain nabarmenak izan direnean ere beste aldera begiratu du eta Euskal Herriko gehiengoarentzat ebidentzia dena, beraiek ukatu egiten dute.
Eta azkenekoa Marian Beitialarrangoitia Hernaniko Alkatearen kasua izan da. Preso multzoarentzat txaloak eskatzeagatik Madrileko Auzitegi Nazionalera joan beharko du deklaratzera. Honek ere ez dauka ez hanka eta ez bururik, azken batean sentimenduak direlako eta sentimenduak ezin daitezke epaitu. Eta epaitu ahal izanez gero, PSOE berak eta bere buru nagusienak, duela urte batzuk R. Vera, J. Barrionuevo, Galindo eta abarri egin zizkieten txalo, eman zizkieten besarkada eta erakutsi zizkieten sentimenduetatik hasi beharko litzateke sentimenduak epaitzen. Bestela non gelditzen da Justizia, batzuk egiten dutenean ez, eta besteak egiten dutenean baietz baldin bada?
Amaitzera goaz. Tankera honetako salbuespen egoerekin ez da lortuko ezker abertzalea desegitea. Eta bide hori agortuta dagoelako gure galdera eta proposamena aurreratzen dizuegu: ez al litzateke hobeto, jakinik gainera bake iraunkor eta benetakoa elkarrizketatik soilik etor daitekeela, denon artean berriz ere bake bideak jorratzen hastea, luze baino lehen Euskal Herrian bake horren fruituak eta giroa gozatzen hasteko?
Marianek lan haundia dauka Hernaniko Udalean eta orain arte erakutsi duen sendotasuna, dedikazioa eta efikazia kontuan hartuta, ziur gaude legealdi hau bukatzerako, gauza eder franko ikusiko dela gure herrian datozen 3-4 urteetan. Bera, Udaleko bere bulegoan nahi dugu.
Juan Jose Uria Zubiarrain, Rikardo Mendiola Egaña, Agustin Ezponda Irizar,
Mertxe Etxeberria Aranburu
Hernaniko Alkate ohiak
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!