EAJ-PNV «Adierazpen askatasuna kriminalizatzen da» Euskal Herriak ´estankamendu politikoa` bizi duela nabarmendu du Andoni Amonarraiz EAJko Udal bozeramaileak. ´Bake prozesua hautsi da, ETAren atentatuen amenazua errealitate bat da berriz ere. Lehendakaria eta beste politikari buru batzuk auzipetuak daude, gure herriko ordezkaritza politikoko zati bat legez kanporatua dago eta buruzagi asko kartzelaratuta. Prozesu judizial ugari irekita daude. Kale borroka presente daukagu berriz ere` azpimarratu du. ´Torturak, legez kanporatzeak, adierazpen askatasuna urratzeak, koakzioak, ondasun eta pertsonen aurkako bortizkeriak ez dute gure herriak eskatzen duen konponbidea bilatzen laguntzen` Amonarraizen hitzetan eta konponbideak etorri beharko luke ´batetik oinarrizko eskubide urraketa guztiak gaitzestetik, bizitza, integritate fisikoa, adierazpen askatasuna, elkartze eskubidea etabar; eta bestetik, betirako gure herriak bizi duen arazo politikoa konponduko lukeen akordio politiko bat bilatuta, bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubide demokratikoan oinarrituta`. Udalbatzak oinarri hauen alde sendo eta garden mintzatu behar duela uste du EAJk. Marian Beitialarrangoitiak egindako adierazpenak adierazpen askatasunaren barruan kokatu behar direla dio Amonarraizek, eta horregatik ezin dutela ulertu eta onartu Epaileak deklaratzera deitu izana ´adierazpen askatasuna bezalako oinarrizko eskubide bat kriminalizatuta, edozein sistema demokratikotan oinarrizko printzipio dena`. Hori guztiagatik, ´Mariani helarazi nahi diogu lan egiteko gure konpromisoa, azken Udal hauteskundeek Udal talde bakoitzari eman dioten ordezkaritzaren errespetu demokratikotik`.
EA «Adierazpenak delitutzat jotzea astakeria juridikoa da» Hernaniko Eusko Alkartasuna alderdiak adierazi du ´Marian Beitialarrangotia Lizarralde andereak urtarrilaren 12an egindako adierazpenak delitutzat jotzea astakeria juridikoa` dela. Aldi berean, Eusko Alkartasunak adierazpen horiekin ez duela bat egiten ere argi utzi du. EAren iritziz Beitialarrangoitiak ´ez zituen adierazpen horiek Hernaniko Alkate bezala egin, beraz, udal erakundearen esparrutik kanpo geratzen dira`. Beitialarrangoitiak bere burua defendatzeko duen eskubidea ´guztiz errespetatzen` duela azpimarratu du EAk ´baina berak erabakitako defentsa estrategi horretan Hernaniko Udala sartzearekin ez gaude batere ados`. Horregatik, Hernaniko EAk atzoko Plenora ez joatea erabaki zuela adierazi du ´ez baitugu nahi estrategia partidista horretan parte hartu`.
EB-Berdeak «Askatasun demokratikoaren aurkako amenazu larria da» Hernaniko Ezker Batua-Berdeakek salatu du ´Eskubide estatuak jasaten duen eraso larria`. Azpimarratu du Legedi Antiterroristarekin ´komisaldegietako tratu txarrak eta torturak baimentzen dira, Portu eta Sarasolaren kasuetan ikusten den moduan; Egin eta Egunkaria itxi zituzten; Partiduen Legea onartu zuen eta horrekin herritarren zati bat bizitza politikotik kanporatu; 18/98 sumarioak ideiak kriminalizatzen ditu; Batasunako agintarien kartzelaratzea; Kontxi Bilbao, Atutxa eta Knorr kondenatzeak Eusko Jaurlaritzaren sobiranotasuna zalantzan jartzen du; ANV eta EHAK legez kanporatzeko plana edo Audientzia Nazionalak Beitialarrangoitia Alkatea deitzea edo beste zenbait gertaera, askatasun demokratikoaren aurkako amenazu haundia dira, terrorismoaren aurkako borrokaren aitzikian`. EBk dio ezin dela ahaztu ´ETAren biolentziak jarraitzen duela ere, giza eskubideak zapuztuz, eta elkarbizitza demokratikoa distorsionatuz, beren hilketa, hautetsien aurkako amenazu, bonba eta kale borrokarekin, beren proiektuak babesten ez dituztenen artean izua zabaltzeko`. Horrez gain dio ´ETAk su etena hautsi izanak` irteera negoziatu bat bilatzeko ahalegina zapuztu duela. EAE-ANVko Gobernu Taldeak Plenoan azaldutako mozioa, ´alde bakarrekoa` dela dio EBk, eta ´batzuen sufrimendua azaltzen du, biolentzia terroristaren ondorioak ignoratuta (...), eta ez dio eskatzen ETAri biolentzia baldintzarik gabe eta behin betirako uzteko, elkarrizketa eta akordioa errazteko eta elkarbizitza demokratikoa bermatzeko`. Arrazoi horiengatik atzoko plenora ez joatea erabaki zuen EB-Berdeak-ek.