Itzuli azkar, Marian!

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 23a, 01:00

Itzuli azkar, Marian!
Torturatu berrien beroan atxikimendu afektiboak gainezka egin zizula eta euskal presoei maite dituzula adierazi zeniela eta, bi urte kartzela-zuloan pasatzeko arriskuan! Nahigabea, beldurra, errukia, gauza nahasi triste bat sortu zidan. Ez zenuen ekintzarik goretsi, sufrimenduan direnen alderako elkartasuna, atxikimendua, maitasuna besterik ez zenuen adierazi. Senideek ostiralero isilik egiten dituzten maitasun ekintzetariko bat gehiago, oraingoan ozenki egina. Beren burua zuzentzat saldu behar duten politikariek, hedabide gehienen laguntzaz, euskal presoei pertsona izaera ukatu diete, eta haienganako afektibotasuna delitu bihurtu nahi da orain. Barrionuevo, Vera eta gainerako Galkideei maitasuna adierazitakoek, besteak beste, euskal presoenganakoa kartzelara eraman nahian. Behin joan naiz udalbatzarrera. Denok ikusi ahal izan genuen nolako trebeziaz bideratu zenuen. Gaiak aurretik landuta eta adostuta ekarri zenituzten, eta gobernua eta oposizioa ere gehienetan bat etorri zineten. Herritarren aldetik egon zen hitzartze ezustekorik, eta eltzea sutan probatzen baita, ikusi ahal izan genuen ustekabekoei ere nola dakizun aurre egiten. Hizkuntza-jokabidearen aldetik berriz, zer egin behar den erakutsi zenuen, Euskal Herrian euskaraz, natural eta egoki. Bilbotarkerietan jausi gabe, 19.000 biztanle inguruko ez dakit beste euskal herririk egongo den gure eleari horrelako ohorerik egiten dionik. Filmatu eta hedabideetan ematekoa iruditu zitzaidan. Maitasuna adieraztea jokabide gizatiarra delako eta hernaniar gehienen oniritzia duzulako, itzuli azkar eman dizugun lantegira!
Pako Sudupe

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!