Auzitegi Nazionalak Marian Beitialarrangoitia alkatea deklaratzera deitu duela salatzen duen mozioa eztabaidatuko du gaurko plenoak

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 23a, 01:00

Bihar, asanblea eta manifestazioa deitu ditu Hernaniko EAE-ANVk, 20:00etan, Gudarien Plazan.

Plenoa dago gaur Udaletxean, arratsaldeko 19:00etan, eta bertan EAE-ANVko Udal taldeak aurkeztutako mozio bat eztabaidatuko dute. Auzitegi Nazionalak Marian Beitialarrangotia Alkatea deklaratzera deitu duela salatzen du mozioak. Erabaki hau ´Euskal Herriaren aurkako eraso zuzena` dela dio mozioak eta ´euskal independentismoa kriminalizatzea` duela helburu. Mozioa Giza Eskubideen Batzordean aurkeztu zuen EAE-ANVko Udal Taldeak joan den astelehenean eta bertan eztabaidatu zuten. Alderdiek iritzi desberdinak azaldu zituzten mozioak biltzen dituen zenbait gai eta eskakizunen aurrean.

Autobusa Madrilera
Beitialarrangoitia alkateak bihar 11:30etan deklaratu behar du Auzitegi Nazionalean eta Hernanitik autobusa aterako da, goizaldeko 03:30etan, Atsegindegitik, Alkateari babesa emateko. Izen ematea Garin tabernan egin behar da gaur eguerdia aurretik.

Gaur argiak itzaltzeko deia eta bihar manifestazioa
Egoera salatzeko, Hernaniko EAE-ANVk zenbait ekintza antolatu ditu. Gaur, iluntzeko 21:00etatik 21:15etara, argiak itzaltzeko deia egin du. Bihar, bestalde, asanblea eta manifestazioa izango dira, arratsaldeko 20:00etan, Gudarien plazan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!