Iñauteriak urrean dira, eta aldez aurretik, Kaldereroak eta Iñude eta Artzainen konpartsa izango dira Hernanin, ostiral, larunbat eta igandean, inauterien iragarle. Kaldereroek bi bisitaldi egingo dizkigute: lehenengoa ostiralean, 15:00etan, Langile ikastolaren eskutik: 650 haur eta gazte irtengo dira Meabetik Plazara, kazuela hots galanta atereaz. Bigarren zita larunbatean da, Elur Txori elkartearen eskutik. 21:00etan irtengo dira elkartetik bertatik. Entsaioak atzo, gaur eta bihar dituzte, Elur Txori elkartean bertan, arratsaldeko 20:00etan.
Iñude eta Artzainak igandean
Urteroko moduan, Urumea ikastolaren eskutik, Iñude eta Artzainen konpartsa irudikatuko dute, datorren ingandean, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Kaxkoko kaleetan barrena ibili ondoren, Gudarien Plazan egingo dute ekitaldi nagusia: inudeek daramazkiten haurrei txertoa jarri eta Udal agintariei aurkeztuko dizkiete, beren izenak erregistroan idatzirik geratzeko. Konpartsan, 183 ikaslek hartuko dute parte: globeroak, piruleteroak, umezainak, alkatea, idazkaria, sendagileak, erizainak... horien artean 66 dantzari eta 45 musikari ere izango dira. Aurtengoa, Urumea ikastolak konpartsa antolatzen duen 15garren urtea da, dagoeneko bere bidea egin duena.