Lurraldebus zerbitzua erabiltzen dutenentzat bidaiatzea dezentez merkeagoa izango da otsailetik aurrera, Gipuzkoako Foru Aldundiak hartu berri duen erabakia medio. Hernanin, Garayar nahiz Areizaga autobusak (autobus urdinak eta gorriak) daude Lurraldebus-en barruan eta bertan ibiltzen direnek %40 merkeago izango dute bidaia bakoitza, hilean 40 bidaiara arte (bidaia bakoitza 0,66 euro); 41 bidaiatik 70 bidaiara, berriz, beherapena %70ekoa izango da (bidaia bakoitza 0,33 euro); eta 71 bidaiatik gora, beherapena %90ekoa izango da (bidaia bakoitza 0,11 euro).
Lurraldebus txartela
Beherapenak ez ditu paperezko bileteak izango, horretarako Lurraldebus txartela atera beharra dago. Prentsa saltokietan eta eraikin publiko batzuetan ematen dute txartela eta zenbait paper aurkeztu behar dira: eskaera inprimakia sinatuta, NA edo Pasaportearen fotokopia eta argazkia. Txartelak 4 euro balio ditu eta kargatu egin behar da, 5 eurotik 300 eurora arteko kopuruarekin. Lau urteko bizia du txartelak. Bestalde, txartelik gabe bidaiatu nahi duenarentzat, Hernanitik Donostiarako bileteak 1,25 euro balioko ditu.
Ohizko erabiltzaileei onurak
Autobusa askotan hartzen dutenek antzemango diote gehien beherapenari. Adibide moduan, Hernanitik Donostiara, astelehenetik ostiralera, egunean joan eta etorri egiten duenak (40 bidaia hilean), 26,4 euro ordaindu beharko ditu hilean, eta egunean bi joan etorri egiten dituenak (80 bidaia), 37,4 euro. Beherapenik gabe 50 euro eta 100 euro ordaindu beharko lituzkete.
Eskualdez eskualde
Gipuzkoa zonaldeka banatua dauka Lurraldebus zerbitzuak, eta igaro behar diren eskualdeen arabera tarifa desberdinak daude. Donostialde barruan (Andoain, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Lasarte, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbil), tarifa bera da. Oinarria 1,10 euro hartu dute eta horren arabera ezarri dute beherapena. Baina eskualde desberdinen artean oinarri desberdinak hartzen dira eta Bizkaiara joateko ere badaude beherapenak. Adibidez, Donostiatik Bilborako txartela 5,37 euro kostako da 40 bidaiara arte.
Autobus aldaketak aztergai
Autobus bidaiak merketzea aho batez onartu du Foru Aldundiak, aurreko tarifekin zenbait keja izan eta gero. Herriren batera joateko autobus bat baino gehiago hartu beharreko kasuetan zer beherapen aplikatu ari dira aztertzen orain. Alegia, Hernanitik Lasartera joateko Errekaldera joan behar da aurrena eta handik Lasartera gero. Orain, 2 bidaia ordaindu behar dira eta etorkizunean zer beherapen aplikatu aztertzen ari dira.
Zenbait datu
BEHERAPENAK hilabetero
- 1-40 bidaia artean, %40.
- 41-70 bidai artean, %70.
- 71-90 bidai artean, %90.
Hernanitik Donostiara, Urnietara, Andoaina edo Astigarragarako bidaiaren
kostua = 0,66 euro (hileroko lehen 40 bidaietan), 0,33 euro (41-70 bidaietan), eta 0,11 euro (71 bidaiatik gora).
Txartela
- Prentsa saltokietan eta zenbait eraikin publikotan atera behar da.
- 4 euro balio ditu eta 4 urteko bizia du.
- Kargatu egin behar da (5-300 euro artean).
- Txartela pertsonala izango da.
TXARTELA EGITEKO AURKEZTU BEHARREKOAK
Helduak:
- Eskaera inprimakia sinatuta.
- NA edo Pasaporte fotokopia.
- Argazkia.
Adingabeak:
- Eskaera inprimakia tutorearen sinadurarekin.
- Tutorearen NA edo Pasaporte fotokopia.
- Adingabearen argazkia.
Gaueko bidaiak ez du beherapenik izango, prezio finkoa du, zerbitzu berezia baita.
10 urtetik beherako haurrekin bidaiatzen duenak (4 urtetik beherakoetan aulki eta guzti), bere txartelarekin ordaindu ahal izango du haurraren bidaia ere, txartela txoferrari eman