EHNE sindikatuak 5garren kongresua egin zuen atzo Sandiusterrin. Bertan Gipuzkoako EHNEko ejekutiba berria aukeratu zen eta tartean bada Hernaniko baserritar bat, Beterriko ordezkari lanak egingo dituena, Agerre baserriko Kepa Urreaga. Berarekin batean beste honako hauek osatzen dute Gipuzkoako EHNEko ejekutiba berria: Aitor Olasagasti (Kosta), Andoni Egia (Tolosaldea), Garikoitz Nazabal (Goierri), Itziar Arkonda (Urola), Joxe Urrutia (Deba Goiena), Eneritz Otamendi (barne egiturako arduraduna), Rosa Arregi (EBEL), eta Iñaki Lazarobaster (Lehendakaria).
Sindikatua sendotu eta batu
Kongresuan 30 urte bete dituen EHNE sindikatuaren erronkak azaldu zituzten. Azpimarratu zuten sektorearen egoerara erraza ez bada ere ilusioz ekin behar zaiola eta horretarako jende gaztearen presentzia beharrezkoa dela esan zuten. Sindikatuak sendoa eta batua behar duela ere esan zuten. Sindikatuak lanketa bereziak egingo dituela ere azaldu zuten, esnearen sektorean, ardien sektorean, haragiaren sektorean eta barazki eta fruten sektorean.