ACUÑA korrejidoreak 4.000 gizon bera hiltzeko prest altxa zirela jakin zuenean, ez zuen dudarik egin Donostiako hiriaren gonbitea onartu eta bere harresien barruan babesteko, lepoa salbatuko bazuen behintzat.
1520ko azaroaren 11n Carlos I.a Espainiako erregeak (Alemaniako V.a enperadorea) bere kabuz izendatu zuen Cristobal Vazquez de Acuña korrejidorea, eta horrek Gipuzkoako hainbat herritan protesta biolentoa sortu zuen, botere zentralak eskubide foralen kontra egiten zuelako. Hildakoak eta suntsiketa nagusitu ziren. Historiografiak Gaztelako komuneroen gerrarekin lotzen du Gipuzkoako altxamendua. Baina lotura hori nabarmena den arren, hemengo kasuak izaera propioa izan zuela diote azkeneko ikerketek. Antza, korrejidore arrotz hura borrokarako aitzakia bat izan zen, udalerrien artean zegoen tentsioa lehertu zuen akuilua besterik ez. Gerra zibileko giro hartan, Hernanik protagonismo handia hartu zuen berehalakoan. Bertan bildu ziren Erregearen mandatuaren kontrako matxinatuak eta bertatik egin zuten foru eskubideen aldeko aldarria.
Komuneroak: Tordesillasetik Hernanira
Komunitateen Gerra (1520-1522) gertakizun garrantzitsua izan zen Espainiako Aro Modernoaren historian; izan ere, aldarrikapen herrikoi eta iraultzailetzat hartu izan dira gatazka haren erroak. Funtsean, Carlos I.a erregeak estreinatutako absolutismoaren kontrako erreakzioa izan zen.
Carlos I.a 1518an errege izendatu zutenean mesfidantza eta oposizioa nagusitu zen Gaztelako nobleziaren artean, errege arrotza baitzen guztiz beraientzat (Flandesen jaio eta hezia). Giro petral horretan, ez da harritzekoa enperadoreak menpekoen gainetik boterea zentralizatzeko hartutako neurriek ezinegona sortu izana. 1520an, monarka absolutista Alemaniako bere lurraldeak bisitatzera joan zenean, Toledoko hiria bere kontra altxa zen, eta horren segidan Gaztelako hiri gehienak (hasi Murtziatik eta Arabaraino). Komunitate matxinatuak Avilan bildu ziren erregeari eskaera zehatzak egiteko. Ordurako komuneroek hainbat borrokaldi irabazi zituzten eta Tordesillasen jarri zuten egoitza nagusia. Testuinguru horretan, Tordesillasetik Nicolas Insausti bergararra bidali zuten Hernanira, bertan bilduta zeuden ordezkariak komuneroen kausaren alde egin zezaten. Jakina, Gipuzkoa arma esportatzaile garrantzitsua zen jadanik eta probintzia estrategikoa zen altxatuentzat. Egoera hain zen larria, Gaztelako monarkia kasik desagertu egin zela hilabete batzuez.
Baina Carlos I.ak eskaera guztiei entzungor egin zien eta matxinatuen artean giroa nahastu zenean (nobleen eskariek ez baitzuten bat egiten laborarienekin, noski) iraultzak indarra galdu zuen. 1521ean, bataila erabakiorra gertatu zen Villalar izeneko herrian; komuneroen armada deseginik geratu zen eta harekin milaka nekazariren itxaropena.
´...venieron a combatir la dicha
villa de Hernani con gran exerçito.´
Korrejidoreen prestigioa aspaldi zegoen hondatua Gipuzkoan; herrietako justizian muturra sartu eta alkatea ordezkatzen zutela zioten probintziako aitonen semeek. Normala da beraz, Acuña korrejidoreak ongi etorri berorik jaso ez izana, alderantziz, kargua hartu zuenean hiru eguneko epea eman zioten etorri zen leku beretik alde egiteko.
Acuñaren izendapenak Gipuzkoa bitan zatitu zuen, batean Donostiako Batzarra eta bere jarraitzaileak zeuden, bestean Hernaniko Batzarrean bildutakoak. Batzarrak (edo Juntak) orduko erakunde gorenak ziren, ordenantzak eta legeak zaindu eta herrien arteko arazoak eztabaidatzen zituzten bertan. Edonork dei zezakeen Batzarra, jakina, horretarako erakarpen ahalmena izan behar.
Gauza da bi Batzarrak aurrez aurre jarri zirela 1520ko negu hartan: Erregeari leial zitzaienak (Donostian) eta kontrakoak (Hernanin). Tentsioak gora egin zuen Acuña korrejidoreak Hernanin matxinaturikoak heriotza zigorrera sententziatu zituenean: ...cada uno dellos sea degollado, y le corten la cabeça, y cortada, la pongan en un palo en lugar publico... Hain zuzen, kondenatuetako bat Hernaniko alkatea bera zen, Juan Lopez de Elduayen. Baina mehatxu horrek ez zituen ´komuneroak` kikildu, aldrebes, Donostia, Errenteria eta Irungo parteak eraso zituzten milaka ´gizon armaturekin`, hara zer zioen Najerako dukeak orduko hartan: ...La cosa se fue ençendiendo de tal manera que los de sant sebastian fueron a conbatir a la villa de arnani [Hernani], y aunque no la tomaron, huvo heridos y muertos de la una parte y de la otra. Gerrarako pikak eta alabardak probatzen hasiak ziren jada tronpeten doinupean.
Hernaniarren postura anbiguoa
Konfrontazio guzti horretan Hernaniren postura zein izan zen ez dago batere garbi. Izan ere, bertan egindako Batzarrean herriko hainbat leinu ezagun zeuden (Lopez de Elduayen, Ayerdi, Altzega, Ereñozu...), baina horrek ez du esan nahi herritarrek beren borondatez borrokatu zutenik. Zenbait ikerlarik uste dute koakzioa izan zitekeela Hernanik matxinatuen alde egitearen arrazoia.
Kontuan izan behar da Batzarrak iraun zuen bitartean, herria kanpotik etorritako ehunka armagizonez bete zela eta leku estrategiko bat ere bazela kostako herriak erasotzeko. Baina bestetik, ez da ahaztu behar hernaniarrek Donostiarekin aspalditik zituztela arazoak zilegi eta herri lurrek sortutako interesengatik, hori ere arrazoi nahikoa zen kontrako bandoan jartzeko.
Nafarroako erregeordearen
´pazifikazioa`
Gaztelari ez zitzaion batere komeni Gipuzkoako giro nahasia lehertzea. Izan ere, mugaren bestaldean frantsesak prest zeuden probintzia erasotzeko eta Albret errege nafarraren gudarostea ere gertu zen Iruñea berreskuratzeko. Horregatik, Nafarroako erregeorde gaztelarrak, Najerako dukeak, protagonismo itzela izan zuen Gipuzkoako auzia konponbidean jartzerakoan.
Lehenik eta behin, Donostiara eta Hernanira bidaiatu zuen eta bi alderdietako ordezkariei jakinarazi zien Acuñaren sententziak bertan behera utzi eta korrejidorea herrialdetik kanporatuko zuela. Erregeordeak garbi zuen matxinatuak indarrez jazartzea ezinezkoa izango zela ´sei milla baino gehiago` zirelako eta lurraldea ´suz eta odolez` bete beharko zuelako.
Diplomazia abilari esker liskarrak gelditu arazi zituen eta Gipuzkoako komuneroek lepoa salbatzea lortu zuten, haien kide gaztelarrek ez bezela. Hernanik bere udalerrian blokeaturik zituen hainbat artilleria pieza itzuli zizkien erregezaleei distentziorako keinu bezala. Baina jakina, zigorrak ezinbesteko ziren, batez ere korrejidorearen alde jarri ziren herriak konpentsatzeko. Horrela, hainbat urtetako apelazio eta maniobra juridikoen ondoren Hernaniri 114 dukatu ordaintzea tokatu zitzaion eta horrelaxe egin zuen 1533an, altxamendua gertatu eta hamairu urte geroago. Horrela bukatu zen espainiar zentralismoaren kontrako lehen euskal erresistentzia, erromantizismo gutxi eta interes ilun asko izan zuen ustezko komuneroen iraultza txikia.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!