datorren ostegunean Marian Beitialarrangoitia Hernaniko Alkatea deklaratzera deitu du Espainiako Auzitegi Nazionalak. Hori dela eta, atzo herritar talde batek, prentsaurrekoa eman zuen Alkateari babesa emateko.
´Hernani osoa da
deklaratzera deitu dutena`
Prentsaurrekoa tortura jasan duten pertsonak gogoratuz hasi zuten, ´izan ere egun gutxi barru 27 urte beteko dira Joseba Arregi poliziaren ziega amaigabe eta ezkutuetan, azken arnasa hartu arte, jipoitu zutenetik. 27 urte pasa dira eta torturak jarraitzen du. Gorka Lupiañez, Igor Portu, Mattin Sarasola... etenik izan ez duen zerrenda amaigabea`. Aipatu zuten ea nola ez dituzten maitatuko pertsona horiek, ´herri honen duintasunaren eta bizirik egoteko gogoaren sinbolo dira eta?`.
Maitasun hori ezin kartzelaratu, ezin epaitu, eta ezin akabatu daitekeela garbi utzi nahi izan zuten, ´poliziari torturatzeko babesa ematen dion klase politiko horren aurrean, torturatzeko babes estalkia sortzen duen eta Ezker Abertzalea ilegalizatu eta jokoz kanpo utzi nahi dituen legeria eta klase politiko espainiarraren aurrean`.
Aipatu zuten ez dela Hernaniko Alkatea deklaratzera deitu duten bakarra, ´Ezker Abertzaleak aspaldi esan zuen alkaterik onena herria dela, horregatik, datorren ostegunean Marian epaituko badute ere, jakin behar dute herri oso bat dela epaitu nahi dutena`.
Bestalde, ´UCD, PSOE eta PPren gobernuak Hernanin ezagunak` direla aipatu zuten ´larrutik ezagutu ere, demokrazia honen pean 21 hernaniar hil dira, horietatik batzuk GALen izenean. Zalantza gutxi nor zegoen sigla horien atzean`.
Errezeta berriak
Bide politiko berriak hartzeko premia azpimarratu zuten atzoko prentsaurrekoan: ´Zapatero, Rubalcaba, Urkullu, Ibarretxe, Sanz jaunak: herri hau aseta dago errepresioaren eta ukazioaren errezetarekin; proba ditzagun errezeta berriak, emaitza berriak lortzeko`.
Horrez gain, aipatu zuten Ezker Abertzaleak ´azken bi urteetan gatazka politiko eta armatua gainditzeko saiakera serio bat` egin duela, ´eta berriro ere ahalegintzeko prest izango da baldintzak sortzen badira, guretzako bakea gauza serioa eta garrantzitsua delako, eta bakearekin batera demokrazia eta demokraziarekin batera aukera politiko guztiak, independentzia barne`.
Bukatzeko, mobilizazioetan parte hartzera deitu zituzten hernaniar guztiak ´tortura kasuen eta Ezker Abertzalearen auziperatze ahalegin guztien kontra deituko diren mobilizazioetan`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!