Berria txapelketako partidak gaur eta bihar kiroldegiko frontoian

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 19a, 01:00

BERRIA elkarte arteko pelota txapelketa iritsi da bigarren jardunaldira eta asteburuan jokatzekoak diren partidu guztiak Hernaniko kiroldegiko frontoian jokatuko dira. Hala ere, ez da Hernaniko pelotarien txanda iritsi, otsailaren 9an baitira hastekoak, Markinaren kontra. Partidu hau ere Hernanin jokatuko da. Gaur Mallabia-Erniope Gaur Mallabia eta Alkizako Ernioperen arteko lehia bikaina ikusteko aukera izango da kiroldegiko frontoian. Gipuzkoarrak aterako dira faborito, kadeteetan bikoterik onenetakoa dutela eta, erraz irabaziko dutela espero da. Jubeniletan, bizkaitarrek bi atzelarirekin jokatuko dute, eta Erniopek bikote ona izan arren, Mallabiak irabaztea oso posible da. Nagusietan espero da partidurik estuena, bi bikoteak ere onak baitira. Jaialdia gaur arratsaldeko 16:00etan hasiko da. Bihar, Huarte-Arkupe Bihar goizean Huarte eta Gernikako Arkupe kluben arteko partidua jokatuko da. Kanporaketa, orokorrean, estua izango dela aurreikusten da, biak ere maila berdintsua baitute. Kadeteetan bizkaitarrek atzelaririk onenetako bat dute. Jubeniletan, aldiz, Huarteko aurrelaria da onena. Hirugarren partidua izango da, beraz, hil ala bizikoa, bertan bi bikoteak ere maila haundikoak baitira. Partidua igandean, goizeko 10:30etan jokatuko da, Hernaniko kiroldegiko frontoian. Euskal Herriko txapelketako partiduak gaur kiroldegian Euskal H erriko txapelketako partiduak jokatuko dira gaur kiroldegiko frontoian. Paletan eta jubenil mailan, Pagola eta Ugalde hernaniarrek Kukuren kontra jokatuko dute gaur, 10:45etatik aurrera. Eskuz binaka eta kadete mailan, Santxo eta Aizpitarte II hernaniarrak Markinaren kontra ariko dira, gaur, 11:30etatik aurrera. Eskuz binaka eta 22 urtez azpiko mailan, Arrieta eta Esnaolak jokatuko dute, Aiarraren kontra. Azken partidu hau eguerdiko 12:15etan hasiko da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!