Otsailaren 24an tranbia zebileneko garaian girotutako jaia izango da, Tilosetako ‘baile’ eta guzti

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 19a, 01:00

TRANBIA desagertu zela 25 urte betetzen dira aurten eta hori dela eta otsailaren 24an tranbia zebileneko garaian girotutako jaia antolatzekotan da Kaxko auzo elkartea. Ez dute, gainera, nolanahiko lana hartu auzo elkartekoek, izan ere herriko zenbait gune, Plaza Berri eta Tiloseta, itxuraldatuko dituzte eta garai hartan zeuden bezala jarriko dituzte. Horrez gain, tranbiaren bueltan ibiltzen zen jendea bildu nahi dute, eta bide batez tranbiako txoferrei ere omenaldia egingo diete. Kaxko auzo elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkio Maria Pilar Lujanbiori, izan ere, idea berak izan zuen. Tranbia, bailea, txurroak eta garaiko komertzioak Kaxko auzo elkartea gogo biziz eta ilusio haundiz ari da garai bateko tranbiaren eguna antolatzen eta garai hartan herria zegoen bezela jartzea ezinezkoa bada ere, herriko zenbait gune girotuko dituzte. Lehenik eta behin tren txu-txu bat ekarriko dute eta itxura aldatu egingo dute tranbia itxura har dezan. Trenak garai batean egiten zuen ibilbidea egingo du herrian barrena, Benta Berriraino, eta nahi duenak ibiltzeko aukera izango du. Plaza Berri ere girotuko dute, txurreria bat jarriko dute, eta garai hartan bertan zeuden hainbat komertzio enblematiko ekarriko dituzte gogora: garai bateko Adarraga pasteleria eta Caja Munizipala, eta gaur egun hor jarraitzen duten Portalondo eta Cuevas farmazia. Tiloseta ere girotuko dute, eta garai batean bezala bailea izango da Musika Bandaren eskutik. Horrez gain, Tilosetako kioskoa ere txukunduko dute eta garai batean izaten zen bezala jarriko dute, landareekin eta abar. Baileari dagokionean, antolatzaileek espero dute Hernaniko eta herriz kanpoko bikote ugari etorriko direla, izan ere, bikote asko osatu dira Tilosetako bailean eta garai hura berriro ere bizitzeko amorratzen izango da bat baino gehiago. Laguntza antolatzeko Kaxko auzo elkarteak dei egin die herriko koadrila ezberdinei laguntzeko, lan haundia baitago egiteko. Lagundu nahi duenak Oinddi tabernara edo Jaione Konjelatuetara jo dezake. Jendea ere animatu dute garai batean bezala jantzi eta egun horretan parte hartzeko.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!