«Inguruko gauzei buruz abesten dut, herria, gai sozialak eta neri gertatzen zaizkidan gauzei buruz»

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 18a, 01:00

Zein jende bilduko da Hip Hop jai honetan? Ze emanaldi prestatu duzu gaur gauerako?
Jaialdian Donosti eta inguruan hip-hoparen bueltan mugitzen den jendea bilduko da. Iaz ere egin zen halako jaialdia, aurrenekoa, Saroben. Gaurko emanaldian, nerekin batean Lazkaoko Jess abeslariak kantatuko du. Ez dugu ezer prestatu, baina beti horrela ibiltzen gera, momentuan aterako da.

Bakarka aritzeaz gain, talderen batean ibiltzen zara?
Bai, A duras penas izeneko taldean ibiltzen naiz, Josu Ethos eta Adrian Galgo rap abeslariekin batean, eta Sergio DJ Yeyo-rekin batean.

Nolatan hasi zinen rapa abesten?
13 urte nituenean Josu Ethos nere klasean zebilen eta harek Violadores del Verso taldearen disko bat utzi zidan. Aitak ere reggae musika entzuten du eta, bueno, belarria musika horretara ere zertxobait ohitu zait. Josu eta Adrianekin elkartu nintzen halako batean, eta animatu egin ninduten probatzera. Aurreneko kontzertua 14 urterekin eman nuen, Tilosetan, Hernanin antolatu zen aurreneko Hip-Hop egunean. Oso gaizki pasa nuen, baina jendeari gustatu omen zitzaion eta jarraitzera animatu ninduten.

Gaurkoaz gain, kontzertu gehiago ba al dituzu?
Urtarrilaren 25ean, La Mala Rodriguez-en telonero bezala ariko gara, Jess, Ethos, Dj Yeyo eta ni neu, Gasteizen. Otsailaren 2an, Iruneko Tunk aretoan izango gara, Eric B eta Insulinodependiente Zaragozako hip-hop taldeen telonero bezala. www.myspace.com/paaulee web orrian ere ematen da kontzertuen berri. Bideo bat eta abestiren bat ere badago zintzilikatuta.

Rap abeslari bezala, zein da zure estiloa? Zeri buruz abesten duzu?
Gaiei dagokionean, neri gertatzen zaizkidan gauzei buruz abesten dut, gai sozialei buruz eta Hernaniko bizitzari buruz. Hizkuntza aldetik euskaraz rapeatzea gustatzen zait, baina garrantzitsua ere bada jendeak ulertzea, eta horregatik, gazteleraz eta euskeraz aritzen naiz. Estilo aldetik, A duras penas taldearekin rap kañeroa egiten dugu. Jess-ekin bakarka aritzen naizenean ahotsa gehiago lantzen saiatzen gara, melodiak, eta beste musika estilo batzuk ere sartzen ditugu, soula, reggaea eta horrelakoak. Rap normala abesteak aspertu egiten nau. Lehen hip-hopa bakarrik entzuten nuen, baina orain denetatik entzuten dut musika beltzaren barruan.

Zeintzuk dira zure musika erreferenteak, zein musika entzutenduzu, azkenaldian?
Azkenaldian gehien entzuten dudana rap frantsesa da: Keny Arkana, Sinik, Hocus Pocus... Horrez gain, talde hauek ere gustoko ditut: The Sound Providers, Flowklorikos eta Violadores del Verso.

Ze panorama dago Euskal Herrian raparen inguruan?
Euskal Herrian hip-hopa duela gutxi hasi da, Selektah Kolektiboa da dagoen talde bakarretakoa. Gero jendea ikusten da, askotan AEBtik datorren rapa imitatzen eta, neri ez zait hori gustatzen, nahiago dut nork bere estiloa lantzea eta inguruko gauzei buruz kantatzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!