ONGINTZA Patronatuak antolatuta memoria lantzeko tailerra izango da eta tailer horri buruzko bilera izango da gaur, interesa duenarentzat eta tailerrari buruz gehiago jakin nahi duenarentzat. Arratsaldeko 17:00etan izango da, Goiz Eguzki jubilatu etxean.
Zortzi egunetako tailerra
Memoria lantzeko tailerra 8 egunetan izango da, ordu eta erdiko saioetan. Guztira 15-20 pertsonentzako plazak izango dira tailerrean, eta Ana Rosa Fernandez psikologo izango da klaseak gidatuko dituena. Ikastaroaren helburua memoriarekin zer ikusia duten mekanismo ezberdinak ezagutzea da, memoriak nola funtzionatzen duen ikusteko. Memoriaren kalterako diren faktore ezberdinak ere aztertuko dituzte, esaterako, tentsioa, presa, adin bakoitzari dagozkioan ezaugarriak zeintzuk diren ez jakitea, gaixotasuna zer den eta ez den jakitea, eta abar. Hau ezagututa, memoria aktibatzea eta bizkortzea izango da hurrengo urratsa, ikasitakoa eguneroko bizitzan aplikatuta. Jakinarazi dutenez, ikastaroa oso praktikoa, erraza eta atsegina izango da, denek ere jarraitzeko modukoa. Ikastaroa noiz hasiko den ez dute zehaztu, baina gaurko bileran emango dute horren berri. Izena ematea Goiz Eguzkin egin behar da.