Hernanik partidua dominatu eta garaipena lortu zuen atzo Landaren

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 14a, 01:00

21-0 irabazi zioten Vigori, eta laugarren postura igo da Hernani. Bonusik lortu ez arren, garaipenarekin gustora zeuden Landaren.

Hernani denboraldi zailari hortzak erakusten ari da eta atzo ere partidu zaila irabazi zuen, Universidad de Vigo taldearen aurka. Lesioek eragindako baja asko ditu Hernanik aurten eta talde justuarekin ari da partiduei aurre egiten, atzo bezalaxe. Hori kontuan hartuta, garaipenarekin pozik ageri zen atzo Joxe Elosegi entrenatzailea, nahiz eta bonusik ez lortu (lau entsegu eginez gero lortzen da bonusa). Hernaniarrek lehen zatia ondo dominatu zuten eta 13-0 aurretik zirela joan ziren atsedenaldira. Bigarren zatian partidua zikindu egin zuten kanpotarrek, baina etxekoek ondo eutsi zioten errentari, 21-0.

Oraindik ere hor
Bere hitzetan, denboraldia joan den moduan joanda ere «hor gaude oraindik» eta hori asko da. Laugarren postura salto egin dute hernaniarrek atzo irabazita, eta hirugarren postua ere esku eskura dute. Igoera play offa zailagoa izango da, ordea, bigarren postuan sendo baitago Gernika. Hernaniarrak partidu guztiak irabazi beharko lituzkete bigarren, gelditzeko, eta gernikarren hutsen bat egin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!