Javier Vizcaínok egin zuen ohorezko lehenengo txotxa eta Hernaniko txotx denboraldia irekita geratu da honenbestez. Jende asko inguratu zen atzo ere Hernaniko plazara, sagardo berriari ongi etorria ematera. Uzta oso ona izan dela azpimarratu dute sagardo egileek, eta lehenengo txotxetik eta gero botilatik, sagardo zaleek izango dute dastatu eta beren iritzia emateko aukera. Sagardoa eta umore ona elkarrekin joaten dira askotan, eta atzo ere festa giroan egin zen txotx denboraldi hasierako ekitaldia.
«Pixka bat hernaniarrago naiz»
Halaxe esan zuen Javier Vizcaíno kazetari barakaldarrak atzo, Txotx Batzordeak eskaini zion oroigarria Joxe Lasarte sagardo egilearen eskutik jaso ondorenean. Omendua pozik azaldu zen txotx irekiera ekitaldian, eta sagardo zalea oso umetatik zela ere adierazi zuen, «amari xoxak ostu eta beheko tabernan cidra» eskatzen zuenez geroztik. Sagardo gozo hura izan zen dastatu zuen lehena, eta geroztik ezagutu du sagardo naturala. Vizcainok ere aurtengo txotx denboraldiko mezuari heldu zion hitzaldi bukaeran, eta dei egin zien herritarrei eta kanpotik datozenei: «ondo pasa behar da sagardoarekin, baina ez da pasa behar Hernanirekin».
Gozotik gazitik baino gehiago
Marian Beitialarrangoitia alkateak hitz egin zuen omenduaren aurretik plazan, eta berriz ere azpimarratu zuen, sagardoak eta txotx denboraldiak, onura haundiak dituela Hernanirentzat. Txotx denboraldia ahalik eta ondoen joan dadin, Txotx Batzordeak egiten duen lana azpimarratu zuen eta aurtengo leloa errepikatu. «Ea aurtengo txotx denboraldi bukaeran, gozotik gazitik baino gehiago utzi digula esan dezakegun» esanaz amaitu zuen. Ekitaldian, bertsoak, txalaparta, txaranga, harri jasotzea, aizkora eta nahikoa sagardoa izan ziren aukeran. Ekitaldi ondorenean, txotx denboraldia ondo hasteko, Zelaia sagardotegira joan ziren protagonistak.