Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Elkarteko lehendakari berria zara. Noiztik?
Urte hasieratik naiz lehendakari eta datozen lau urteetarako. Ez naiz ni bakarra, talde berri bat gaude. Zazpi sagardo egilek osatzen dugu zuzendaritza eta bi erreserban daude. Zazpi horietatik bost berriak gara zuzendaritzan, eta horrek erakusten du elkarteak egin duen apustua. Aurreko taldeak bultza duen prozesu bat izan da gainera, beren lanaren ondorio bat, lau urtean lan egin eta gero aldaketarako zuzendaritza bat bultza baitute. Oso polita da hori, inongo hausturarik ez baitago. Taldean nirekin batean daudenak dira lehendik dauden Patxi Urdairakoa, Gabriel Lizeagakoa eta berriak Ur Astarbekoa, Jokin Petritegikoa, Iñaki Bengoetxea Olakoa eta Maitane Urbitartekoa. Erreserban daudenak, berriz, aurreko zuzendaritzako Joxe Angel Gaztañaga eta Ibon Alkorta Altzuetakoa dira.
Zer funtzio nagusi ditu elkarteak?
Elkartea Gipuzkoako 59 sagardo egilek osatzen dugu gaur egun, eta esku artean dugun produktua indartzea eta bultzatzea da helburu nagusietako bat, eta sektorearen eta sagardogintzaren duintasuna errebindikatzea ere bai. Horrez gain, sagardo egileen arteko harremanak sendotzea ere badugu helburu, errealitate desberdinetako sagardo egileak baikaude: haundiak, ertainak eta txikiak. Bakoitzak gure egoera eta ikuspuntuak ditugu eta hori dena uztartzeko dago elkartea. Garrantzitsuena da beharrak azaldu, eta horien arabera, denentzako erantzuna ematea. Sagardogintzaren duintasuna errebindikatzeko bidean, gure buruetatik hasi behar dugula uste dut eta badago beste gai bat garrantzitsua: uztartu behar da gure sagardoaren nortasuna araudiarekin eta kontsumitzaileen gustoekin... Sagardo egileen aldetik, azken urteetan apustu haundia egin da profesionalizatze aldera eta araudiak betetze aldera, eta bide horretan jarraitzen dugu. Baina argi! ez edozein modura eta amen eginez esaten duten gauza guztiei. Eta beste alor bat, nire ustez garrantzia emango dioguna, formazioarena da, baina gauza hauek erabakitzeko daude oraindik.
Bulego berria Astigarragan duzue.
Bai, elkarteko bulegoa Astigarragan dago eta irekita egoten da 09:00-13:00 eta 15:00-19:00, edozein dokumentazio edo informazio nahi duenarentzat. Nik esango nuke sagardoaren inguruko informazio gehien dagoen lekua dela. Web orri bat ere badu www.sagardotegiak.net eta aldizkari bat ere kaleratzen dugu. Hain errealitate desberdinetako sagardotegiak egonda, interes guzti horiek eta interes orokorrak uztartzea ez da xamurra izango? Oso konsziente gara horretaz eta aurreko zuzendaritzak ere lan haundia egin du horretan. Ahal den iritzi guztiak kontuan hartzea garrantzitsua da, denok elkar ezagutu eta denon hitza entzutea. Ni, adibidez, sagardotegi txiki bateko adierazle naiz, baina ondoan sagardotegi haundietakoak ere izango ditut. Zuzendaritzan denon artean erabakiko ditugu gauzak, eta horrek lana suposatuko digu. Bakoitzak gure papera eta erantzukizuna dauzkagu hor, eta jendea lan egiteko gogoarekin eta ilusioarekin dago. 59 enpresa gara, txiki eta haundi, 59 familia... atzetik dagoen lan horrek merezi du dagokion lekua eta horren alde egingo dugu. Ikusten dugu sagardo munduan asko dagoela egiteko, eta jabetu behar dugu hau ondare bat dela.
Eskualde hau da sagardoaren bihotza, baina gainontzean Gipuzkoan sagardoak bultzada haundia behar al du?
Nik esango nuke bertan ere behar duela bultzada haundiago bat. Sagardoa ez da baloratzen behar den bezala. Ez gara konturatzen produktu erabat naturala daukagula, sagarra produktoretik elaboratzailera zuzenean joaten dena normalean, alkohol graduazio bajua duena, freskagarria eta gurea. Agian merkea delako eta jendeari arrunta iruditzen zaiolako ez da baloratzen, bestela botila kontsumoa bestelakoa izango litzateke. Eta sagardoaz hitz egiten ari garenean, inportanteena botila da.
Sagardogileek botilari ematen diozue garrantzia.
Txotxa ere oso inportantea da guretzat eta berari esker izan dugu zenbait inbertsio egiteko aukera. Horrez gain, faktore kultural haundia du txotxak, jendea elkartzea beti izan da inportantea gure herrian, eta hor sortzen den giroa ere bai. Baina ez dugu ahaztu behar, sagardoa produktu bezala botilan dagoela edateko momenturik onenean. Eta dagokion lekua eman behar diogu.
Aldaketak aurreikusi litezkeen garaian egokitu zaizu zuzendari izatea.
Sagardo egileek bideratuak ditugu gauzak. Adibidez, sagardo markaren gaia, elkartetik kanpora ari gara aurrera eramaten, Sagardo Mahaian. Produktua indartzeko modu bat da, baina prozesu natural bat jarraituko du horrek. Hala ere, jakitun naiz erronka haundiko garaia dela, eta elkartea indartzea zein garrantzitsua den ere badakit. Erronka polita da.
Sagardo munduari talde izaera hori falta izan zaio agian. Orain ari da hartzen?
Guk martxan jarri dugun taldeak oso garbi du indarra taldeak duela.
Beti gizonezkoena izan den kargu bat hartuko duzu.
Neretzat zailagoa izan zen pauso hori etxean ematea, upelak irekitzen etxean hastea. Nik nahiko natural bizi dut, eta oso pozik nago niregan eta taldearengan jarri duten konfidantzarekin. Horrek adierazten du gainera, zenbaterainoko pausoak eman dituen sagardo egileak. Ez didate postua proposatu emakumea naizelako, emakumea izan arren proposatu egin didate eta horrek erakusten du zer nolako mugimendua dagoen elkartean. Eta berdintasunak hortik joan behar du. Egia da, baita ere, bileretan-eta, gehienak gizonezkoak izan arren, sagardotegietan emakumezkoak beti presente egon izan garela. Argi utzi nahi dut talde honetako lehendakari izatea ohore bat dela niretzat, hau ez da marroi bat. Gustora nago erronka haundia delako, eta somatzen dut nirekin taldean daudenak ere hala daudela. Gu lana egitera gatoz, bestela ez ginateke hemen egongo.
Hemendik lau urtera zerekin egongo zinateke konforme?
Nik sentitzen dut gu kate bat garela; momentu honetan guri tokatzen zaigu lan bat egitea eta aprobetxatuko dugu besteek egin duten lana. Emaitza aldetik sagardoari dagokion lekua aldarrikatzearekin konformatuko nintzateke, bai sagardotegiari eta bai sagardoa berari. Eta noski, taldea sendotzen joatea, erabakiak denon onerako izatea, lan taldeak lan talde bezala funtzionatzea... hori lortuko bagenu oso konforme nintzateke.