Javier Vizcaino irrati esatari barakaldoarra izango da gaurko protagonista, Hernaniko sagardoarekin batera noski. Orain astebete Hernaniko Kronikak egindako elkarrizketan oso sagardo zalea zela azpimarratu zuen, eta sagardoa ´txiki-txikitatik` edaten duela. Bizkaian Gipuzkoan adinako sagardo tradiziorik ez den arren, sagardo asko edaten dutela dio esatariak eta etorri izan da Hernanira sagardotegira ere. Gaurko bidaia aprobetxatuta, Udaletxetik egitekoa du Euskadi Irratiko Mas que Palabras irratsaioko zati bat, txotx irekiera ekitaldia iritsi aurretik. «Sekulako ilusioa egin dit» Halaxe azpimarratu du Vizcainok, txotx irekiera berak egingo duela jakiteak zer eragin dion galdetuta. Onda saria jasoz geroztik egin dioten «gonbiterik atseginenetakoa» izan dela nabarmendu du eta gustora etorriko da beraz gaur Hernanira. Eta izango du Hernaniko errealitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera ere, berak dioen modura Hernaniri buruz informazio gutxi eta «oso mediatizatua» iristen baitzaie komunikabideei.
Seigarren omendua
2003an hasi ziren Hernaniko sagardogileak txotx irekiera ekitaldia osatzen eta Javier Vizcaino seigarren omendua izango da. 2003an, Aimar Olaizola Goizuetako pelotaria izan zen omendua eta ohorezko txotxa egin zuen lehena; 2004an Lizaso bertsolari familia omendu zuten; 2005ean, Argiñano, Berasategi eta Ixaak Salaberria sukaldariak; 2006an, Chillida familia eta iaz, 2007an, Wazemank programa.