Txotx irekiera ekitaldia gaur Plazan

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 13a, 01:00

Gaur izango da txotx irekiera ekitaldia Gudarien plazan, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Urteroko moduan, pertsona ospetsu bat izango da ohorezko lehenengo txotxa egiteko ardura izango duena: aurten, Javier Vizcaino, Radio Euskadiko Mas que Palabras irratsaioko esatari eta zuzendariak egingo du ohorezko txotx hori. Ekitaldi honek bi helburu nagusi ditu: batetik, 2007ko uztak eman duen sagardoa aurkeztea; eta bestetik, txotx denboraldi berriari hasiera ematea. Hernanin, herritarren aurrean egiten da txotx denboraldi hasiera, herriko plazan bertan, eta gaur ere jendetza espero da, sagardo berriari ongi etorria egiteko ekitaldi honetan.

Eguerdiko festa Gudarien plazan
Gaur eguerdiko 12:00etan hasiko da txotx irekiera festa, Gudarien plazan. Aimar Irigoien harri-jasotzaile errezildarrak eta Fausto Mugerza aizkolari mutrikuarrak emango diote festari hasiera. Maialen Lujanbio, Iñaki Zelaia eta Arnaitz Lasarte herriko bertsolariak ariko dira arkupeetan jarritako tabladutik kantuan, Ttarla dantza taldearen emanaldia ere izango da, eta Incansables txarangak girotuko du festa. Javier Vizcaino kazetaria omenduko dute eta ohorezko txotxa egin ondorenean, herritarrek sagardoa eta txorizo pintxoak izango dituzte aukeran.

Txotx garaian egitarau berezia
Gaurko txotx irekiera ekitaldia inoiz baino goizago egingo da, baina horrek ez du esan nahi txotx denboraldia ere aurreratu egingo denik. Sagardotegi gehienek San Sebastian inguruan irekiko dituzte ateak eta txotx garairako Hernanin antolatzen den egitarau berezia ere betiko garaian jarriko da indarrean. Aurten ere izango dira Sagar Lasterra lasterketa, Sagardo Eguna, eta Tolarea sagardo Naturalaren Kofradiako kapitulua. Txotx denboraldiak jende asko erakartzen du Hernanira eta urtero zenbait zerbitzu berezi bultza ohi ditu Udalak, eta aurten ere izango dira: herri barruko autobusak zenbait sagardotegitako bidea egingo du asteburuetan (eta astez nahiz ordutegiz kanpo ere bai aurten, 15 lagun edo gehiagoko koadrilak elkartu eta gidariari deituta); garbiketa zerbitzu berezia jarriko da, komonak jarriko dira, Udaltzaingo gehiago ibiliko da gauean eta tabernariek ez dute kristalezko ontzirik kalera ateratzen utziko. Txotx Batzordeak aurtengo denboraldirako aukeratutako leloak argi adierazten du kanpotik datozenei emango zaien mezua: Hernanin ondo pasa, ez pasa Hernanirekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!