Duela bi urte elkarrizketa egin genizun Kronikarako. Orduko galdera bera egingo dizugu hasteko. Zenbat urte daramatzazu tenisean jokatzen?
Orain bost urte daramatzat. Zortzi urterekin hasi nintzen.
Ordutik ona emaitzak are hobeak dira, ezta? Zenbat sari irabazi dituzu dagoneko?
Beno, guztira 57 kopa inguru ditut.
Baten bat berezia?
Aukeratzekotan, Euskadiko Txapeldun izateagatik eman dizkidatenak, azkeneko lau urteetan.
Non hasi zinen? Zergatik?
Hasi aurretik, nik ez nuen kirol hau ezagutzen. Amak eraman ninduen Pio Barojako ikastaro batera; probatu nuen eta izugarri gustatu zitzaidan.
Non zabiltza orain? Gustora zaude?
Orain Ondarretan, Donostiako Tenis Elkarte Errealean eta oso gustora nago.
Zein kategoriatan jokatzen duzu?
Hau bigarren urtea dut infantiletan. 2009an kadeteetara pasako naiz eta jarraitzeko asmoa dut, baina kadeteetan Euskal Herria txiki geratzen da eta kanpora joan behar da, Bartzelonara edo... Orain ere joaten naiz, aukera dudanean, ikastaro trinkoak eta egitera, Aste Santuan eta udaran... Han bost ordu entrenatzen ditugu egunean.
Egun Euskadiko txapelduna zara zure kategorian. Noiztik?
Beno, aurtengo txapelduna naiz ni, baina lau urte daramatzat jarraian Euskadiko Txapeldun izaten.
Espero al zenuen?
Egia esan, hemen ez dago jende asko tenisean aritzen denik, orduan, ez da hain zaila.
Eta maila ona al dago?
Orokorrean esango nuke ez dagoela maila altua.
Eta non ibili zara?
Orain dela gutxi adibidez Bartzelonan izan naiz. Bertan Estatuko zortzi lagun aukeratu gaituzte Espainiako Selekzioa ordezkatzeko.
Eta hemendik aurrera, zein asmo dituzu?
Ba, jarraitzeko asmoa dut. Laister Tarbesera joango naiz, Frantziara, mundu mailako Les Petits AS torneoa jokatzera; herrialde bakoitzeko jokalaririk onenak izango dira bertan. Urtarrilaren bukaeran izango da eta gogo handia dut, baina, egia esan, zaila iruditzen zait irabaztea. Hauetaz gain, aurten konpetizio asko izango ditut: Bartzelonan, Madrilen...
Otsailean Alemaniara joango zara Espainiako selekzioarekin, mundu mailako beste torneo batera, ezta?
Bai, baina torneo hau taldeka da. Beste bi lagunekin joango naiz, bata Alikantekoa, bestea, Andaluziakoa, Espainiako selekzioa ordezkatzera joango gara. Torneo hau Frantziakoa baino errezagoa iruditzen zait, ekipoka delako. Nik ez dut nire izenean jokatuko, selekzio baten izenean baizik.
Torneoak alde batera utzita, tenisari berari helduko diogu berriz. Non sortu zitzaizun afizioa?
Ikastaroetan probatu nuen, ona nintzela esan zidaten eta aukerak nituela aurrera egiteko, eta gustatu egin zitzaidan.
Hemen ba al dago teniserako afiziorik?
Nire inguruan bai, baina orokorrean, hemen ez dago afizio handirik. Gainera, hemen ez dago neska asko tenisean aritzen denik; mutil gehiago daude.
Zer eskatzen dizu kirol honek?
Egunero hiru ordu entrenatzen ditut. Asko gustatzen zait tenisa, baina gogorra ere bada. Gainera orain gero eta eskolako lan gehiago ditut eta dena egiteko organizatu egin behar.
Asteburuetan egiten al dituzu etxeko lanak, edo noiz?
Ez, ia asteburuero txapelketak izaten baititut.
Eta entrenatzeko zer egin behar izaten duzu?
Egunero entrenatzen dut, Ondarretan. Astelehen, astearte eta ostegunetan tenisean jokatu eta ariketa fisikoa egiten dugu; asteazken eta ostiraletan tenisean bakarrik ari-tzen gara hiru orduz.
Aukera izanez gero, jarraituko zenuke tenisean jokatzen etorkizunean?
Bai, baina oso zaila iruditzen zait, lehiakide asko daudelako eta aukera gutxi.
Zein da zure ezaugarririk onena?
Eskubiarekin oso ondo aritzen naiz.
Duela ez asko Barrikako Udala Opena irabazi zenuen. Bertako antolatzaileak honakoa esan zuen: ´Maider ikusita, argi dago tenisean oso garrantzitsua dela burua`. Zer esan nahi du?
Bai, ona izatea bezain garrantzitsua da zure burua kontrolatzen jakitea, kontzentratuta egotea, urduri ez jartzea. Hori da, hain zuzen ere, nire aurkariari gertatu zitzaiona Barrikako Openean: galtzen hasi zenean, urduri jarri zen eta ez zuen bere burua kontrolatu. Batzuetan zaila da zure burua kontrolatzea, ur-duri jartzen bazara...
Nor da zure jokalaririk gustokoena?
Zalantzarik gabe, Nadal, mallorkakoa, oso ona delako; eta emakumeetan, Ana Iva-novic, estilo handia duelako.
Zuk ba al duzu jarraitzailerik?
Gurasoak partidu guztietara joaten dira, eraman eta ekarri egiten naute, bestela ezingo nuke joan. Lagunek ere, asko laguntzen naute, nahiz eta partiduetara ez joan, beraientzat ez baita erreza joatea.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!