«Dirudiena baino lan handiagoa ematen du denda batek!»

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 12a, 01:00

URTE guzti hauetan aldaketa dezente izan dira Eguzki perfumerian, baina beti lokal berean egon da. Izan ere, Jexux Mariren familiarena izan da beti, eta orain ere, dendaren gaineko etxean bizi dira. Hasieran, drogeria eta mertzeria gisa hasi zen orain Eguzki perfumeria izenez ezagutzen duguna. ´Izugarri aldatu dira gauzak orduz gero! Pentsa, denda ireki genuenean produktuak banaka saltzen ziren, eta balantza baten bidez pisatuta kobratzen genuen!`, oroitzen dute gozoki. ´Izan ere, etengabe berritu beharra dago`. Dendaren aldaketa sakonena 70. urte inguruan egin zuten. Ordurako Hernanin 8-9 bat drogeria zeudela eta, Eguzkin perfumeria irekitzea erabaki zuten. Gainera, urte hartan, Arantxak estetika-titulu bat atera zuen, eta pixkanaka, dendaren atzealdean ile-apaindegia, depilatzeko zentroa eta edertasun areto bat ireki zituzten. 73an berriz, opariak egiteko eta arropa pixka bat saltzeko leku bat ere prestatu zuten. ´Etengabe berritzen ibili gara. Kurtso asko egin ditugu gauza berriak ikasteko: erakusleihoen prestaketari buruz, paketeak egiteko moduei buruz...`. Baina 97 inguruan arropa eta oparien sekzioa kendu eta perfumeria gisa utzi zuten, atzealdean ile-apaindegia, eta estetika eta edertasun zentroa mantenduz. 2001. urtean egin zuten azken berrikuntza: ´Hasi ginenetik hona etxeko sukaldea zenari lekua hartzen joan zaio denda, eta azkenean, lehenengo pisu osoa bereganatu du!`. Ikusi eta ikasitakoa Horrenbeste urte lanean igarota, ondorio garbi bat atera dute: ´Dirudiena baino lan handiagoa ematen du denda batek!`. Ikasi ere, gauza asko ikasi dituzte, jendearen ohiturak, bizimodua, herriaren bilakaera, jendearen erosteko ohiturak... aldatzen baitoaz, eta horietara egokitu behar! ´Lehen, jendeak, dendara joan eta galdetu egiten zuen. Orain berriz, merkatal-gune handietara joatera ohituta dago, eta nahiago izaten du bere kabuz ibili. Askotan, laguntza eskaini eta begiratzen ari direla esaten dizute`. Merkatal-gune handiek herriko komertzio txikiei kalte handia eragiten dietela iruditzen zaie. ´Herriko bizitza galtzen da, kaleak ere utzita geratzen dira... Hernanin bertan, Zinkoenearen eragina nabarmena da. Hortik behera egindako etxe eta denda berriek ere eragina dute. Kaxkoak ez du lehen zuen bizia`. Bezeroen ohiturak asko aldatu omen dira, eta hernaniar asko lehen aparte samar geratzen ziren auzoetara joaten hasi da. ´Plaza Berritik behera, kaleak abandonatu egin dira pixka bat. Lehen hau zen pasoa, baina orain ez`. Adibide garbi bat ere jarri digute: ´Begira! Gabonetan, musika entzuteko bozgoragailuak Plaza Berritik gora jarri dituzte. Guk jarri behar izan dugu gure musika pixka bat, kalea girotzeko`. Egindako lan guztia ere gogoan dute. ´Askotan jendea ez da ohartzen. Praktiketara etorri izan zaizkigu neska batzuk, eta ez dira ohartzen denda bat eramateak ikasi dutena baino gehiago eskatzen duela`. Izan ere, Jexux Mari eta Arantxa ez dira geldik egotekoak. Erakusleihoak atontzeko, paketeak egiten ikasteko, ordenagailua erabiltzeko... kurtso asko egin dituzte. Erakusleiho orijinala izateagatik ere hiru bider saritu dituzte. Eta noski, guzti horrez gain, zer saltzen duten ere ederki ikasi dute. ´Dendaria ez da kobratzera soilik mugatzen`. Horregatik diote ´komertzio txikietako dendariek tratu zuzenagoa eta normalean, hobea` ematen dutela. ´Orain ordea, jendearen pentsamoldea aldatu egin da. Guk nahiago dugu lehengo komertzioetako tratu zuzena, baina orain... Nahikoa egin dugu eta, etor daitezela gazteak lanera!`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!