MILAGROS Hernanira ezkondu zenean, gerra garaian Laguntza Sozialeko lokala izandakoa, gaur egun Schlecker supermerkatua dena, hutsik zegoela eta, erosi egin zuen. Buruan bueltaka zuen oinetako denda txikiarentzat handiegia zen lokala ordea, eta anaia Valentini laguntza eskatuta, bion artean arropa eta oinetako denda eder bat ireki zuten. Hasiera hura gogoan dute: `Negozioen hasierak ez dira errazak izaten gaur egun, baina ezta orduan ere! Jendeak erosketak Donostian egiten zituela esaten ziguten. Hala ere, hernaniarrek oso ondo hartu gintuzten lehen egunetatik`.
Milagros modista lanetan hasi zen hasieran. Garai hartan, arropa osorik saldu baino, gehiago saltzen zituzten tela zatiak, eta ondoren, Milagrosek konponketak egiten zituen. Horrela ohitu, eta zapatak saltzeari utzi zioten. Telak saltzeari eta josteari ere amaiera iritsi zitzaion noizbait: ´negozio batek ondo funtziona dezan lan handia egin behar da, eta batez ere, etengabe birziklatu`. Umorez gogoratzen dituzte hasiera hartan saltzen ziren kolore urdin iluneko leotardoak ere, eta nola haiei tokia hartu dieten ´hainbat koloretako, neurrietako eta ehun desberdinetako leotardoek`.
Negozioak martxa ona hartu zuen. ´Bezeroekin urteen poderioz lortutako harreman estuak lanean jarraitzeko gogoa ematen dizu`. Baina urteak aurrera egin ahala, noizbait erretiratzeko garaia iritsiko zitzaiela ere pentsatu zuten. Hala ere, oraindik ideia horrekin konforme ez, eta orain hiru urte lokalez aldatzea pentsatu zuten. Horrela, hasieran irekitako lokala errentan jarri, eta pareko lokala, txikiagoa, erosi zuten. Milagrosek negozioa alabei utzi nahi zien, ´baina hauek badute beren lana eta ez dute arropa dendarekin jarraitu nahi`. Azkenean, pena handiarekin, baina hilabete pare bat barru, itxiko dute 46 urtez lana eta bizimodua eman dien negozioa.
Esker onez
Behin eta berriro errepikatzen dute erretiroa hartu eta denda ixteak ematen dien pena. Horren arrazoi nagusia bezeroak dira. ´Bezeroak begirunez tratatzen asmatu dugula uste dugu, eta eskertzekoa da euren erantzuna. Hasieratik oso ondo hartzeaz gain, oso bezero zintzoak eta leialak izan ditugu, eta benetan eskertuta gaude. Ia-ia familiakoak bezalakoak dira`.
Eguzki perfumeriak, Alberdi harategiak, Diazenea fruta dendak eta Ambotok berak urte asko martxan daramatzatela gogoratzen dute. Azken urteetan denda gehiegi itxi direla irizten diote, eta euren ustez arrazoiak zein diren azaldu digute. ´Komertzio askok, lehen gorabeherak izaten dituztenean itxi egiten dute eta gauzak ez dira horrela. Tristea da lokalak hutsik ikustea`. Bezeroa goxatzea garrantzitsua dela uste dute. Gogoratzen dute nola jende askok ezin izaten zuen arroparen prezioa dena batean ordaindu. Horregatik, konfiantza eman eta pixkanaka ordaintzeko aukera eman zieten, eta ´bezeroen erantzuna beti izan da oso ona, zintzoa eta leiala. Denda gutxitan izango dituzte guk izan ditugun bezalako bezeroak!`.
Horrez gain, ´etengabe birziklatzeak` duen garrantzia azpimarratzen dute, eta ´lanean gogor saiatzeak`. Erosketak Donostiako edota merkatal-gune handietan egiteko ohitura dagoenez, ´Hernaniko, eta orokorrean herri txikietako dendek ere ordutegi bera izan beharko luketela` uste dute. Bide batez, Udalari ere euren eskaeratxoa egin diote: ´ordubeterako aparkalekuak jartzea oso ideia ona da, eta publizitate gehiago egin behar zaio horri. Horrela, jendeak badaki erosketak egitera etorriz gero, autoa non utzi izango duela`.
Azkenean, 46 urte hauen ondoren, hartu dute Amboto ixteko erabakia. Hala ere, Milagrosek behintzat ez du geldirik egoteko asmorik. ´Gure beste anai batek Lasarten denda bat du, eta agian han jarraituko dut pixka batean!`
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!