Aqualia enpresak aurkeztutako mozioa aho batez onartu berri du Hernaniko Udalak

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 12a, 01:00

AQUALIA enpresako komiteko kideek mozioa aurkeztu zuten abenduan Udal plenoan. Mozioaren arabera, enpresa berean lan egiten duten langileek lan baldintza oso ezberdinak dituzte, eta askok baldintza txarrak. Hori dela eta, Añarbeko Uren Mankomunitatea osatzen duten hamar Udaletara jo dute, tartean Hernanikora, babes bila. Hernanik bi ordezkari ditu Mankomunitatean eta Plenoan langileen baldintzen alde egitea erabaki zuten, aho batez. Mankomunitatea eta Añarbeko Urak Añarbeko Uren Mankomunitatea Añarbeko uretaz baliatzen diren hamar herrietako ordezkariez osatua dago, tartean Hernani, Astigarraga, Urnieta eta Donostiakoak. Mankomunitateak Añarbeko Urak enpresa publikoa (AGASA) sortu zuen uraren kudeaketa lanetaz arduratu zedin. Aqualia azpikontrata Era berean, AGASAk lanak subkontratatu egiten dizkio Aqualia enpresari. Aqualia Añarbeko Urak enpresaren azpikontrata nagusia da eta enpresa hau arduratzen da mantenimenduaz, ura garbitu eta banatzeaz, ur zikinak tratatzeaz eta Loiolako araztegiaren kudeaketaz. Aqualia enpresa arduratzen da lan hauetaz, 2001 urteaz geroztik eta 2006an kontratuaren luzapena lortu du datozen urteetarako. Lan baldintza ezberdinak 2006ra arte kontratatutako langileak Gipuzkoako Siderometalurgiaren Konbenioan sartzen dira; 2006tik aurrera hasitako langileak, ordea, Estatuko Uren Konbenioaren barne sartu dira, eta horrek, lan berdina egiten duten langileek lan baldintza ezberdinak izatea ekarri du. Horrela, subkontratatuak dauden 77 langiletik, 47 metalaren konbenioan sartzen dira eta 30 langile Estatuko ur konbenioan. Konbenio honek baldintza kaskarragoak eskaintzen dizkie azkena sartutako langile hauei, esate baterako, 55 ordu gehiago lan egitea urtean, oinarrizko lizentziak (jai egunak hartzeko, esate baterako) gutxiago izatea, eta soldata baxuagoa izatea. Eskakizunak 2006az geroztik protestak egiten ari dira Aqualiako langileak diskriminazio hau konpontzeko. Orain arte Añarbeko Urak enpresari luzatu dizkiote eskakizunak eta honek ez ditu aintzat hartu eskaerak. Epaitegira ere jo zuten eta aldeko sententzia lortu zuten, alegia, ´soldata eskala bikoitza ezartzerik ez dagoela`, baina enpresa komiteak salatu duenez, gauzak bere horretan jarraitzen dute. Hernaniko langileak eta Udala Gauzak honela, azkenean Añarbeko Uren Mankomunitatea osatzen duten Udaletara jotzea erabaki zuten eta horretan ari dira; jadanik hiru herritan, tartean Hernanin, aho batez onartu da aurkeztutako mozioa eta espero dute beste herrietan ere babesa jasotzea. Enpresa honetan dozena erdi bat hernaniar baino gehiago ari dira lanean oraintxe bertan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!