Xabier Lareki presoa aske utzi zuten atzo

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 12a, 01:00

XAbier Lareki preso hernaniarra aske geratu zen atzo. Leongo Mansilla espetxea utzi eta lagun eta familiako kideekin etorri zen autobusean. Arratsaldeko 18:00ak aldera iritsi zen Lareki Hernanira eta herritar talde batek ongi etorria egin zion, Garin taberna aurrean. Ongi etorrian bertsolariek eta dantzariek hartu zuten parte eta lore sorta bat eskaini zioten. Bukaera aldera Xabier Larekik hitz batzuk esan zituen eta barruak geratu diren presoak izan zituen gogoan. 92garren artikulua, gaixo dauden presoei aplikatu beharrekoa, ez dela aplikatzen gogorarazi zuen. Parot doktrina ere aipatu zuen, eta esan zuen, neurri honen helburua presoei bizi osorako kartzela zigorra ezartzea eta presoak suntsitzea dela. Hiru aldiz atxilotua Xabier Lareki 1992an atxilotu zuten aurreneko aldiz, ETArekin kolaboratzea leporatuta. Hiru urte espetxean egin zituen eta epaiketarik izan ez zuenez baldintzapean aske geratu zen, 1995ean. Urte berean, epaitu eta sei urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Bigarren aldiz, 2002ko martxoan atxilotu zuten Donibane Lohitzunen, baina aske geratu zen 1995eko epaia preskribatua zegoela eta. 2006ko martxoan atxilotu zuten hirugarren aldiz, 2005an, Frantziako eta Espainiako estatuek egindako hitzarmena medio, bere epaiak preskribatua egoteari utzi baitzion. 2006ko irailean Espainiaratu zuten.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!