Inauteriak bertan dira eta egitaraua pronto

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 11a, 01:00

Konturatzerako Inauteriak bertan izango dira, izan ere, aurten otsailaren lehenengo asteburuan izango dira. Hil honen azkeneko eguna jada Ostegun Gizena da, eta otsailaren 1a, Ostiral Argala, hortik aurrerakoa mozorro festa hutsa, sardina ehortzi arte, asteartean. Inauterietako egitaraua ere pronto dago. Aurreko larunbatean, hilaren 26an, Kaldereroak ibiliko dira herrian barrena, eta biharamunean, Uru-mea ikastolako Iñude eta Artzainen konpartsa aterako da kalera, eguerdiko 12:00etan.

Mozorroak, musika eta Azeri Dantza
Inauterien hasiera ofiziala ostiralean izango da Gudarien Plazan, 15:15etan. Bertan, Txatarra txarangari omenaldia egingo diote eta ikastetxeetako umeak aterako dira kalera. Larunbat goizean Azeri Dantza izango da, goizeko 10:00etan. Betikoak txaranga jo eta su ibiliko da asteburu osoan; erraldoiak eta buruhandiak ere nonahi izango dira, Kriskitiña dantza taldekoek lagunduta. Igandean pelota partiduak izango dira, V. Berria Txapelketa, hain zuzen ere, goizeko 10:00etan. Eguerdian konpartsak aterako dira Urbieta kaletik, Ttarla dantza taldeko kideekin eta Inmaculada eta Elizatxoko ikasleekin. Arratsaldean, 19:30etan, Hernani Musika Eskola Publikoko trikitilari eta dultzaineroak ere bazterrak alaitzen ibiliko dira.

Umeentzako poniak eta zezen txikiak
Sekulako aukera izaten dute umeek inauterietan ondo pasatzeko. Larunbat arratsaldean, Azkona taldearen emanaldia izango dute Atsegindegin, 17:00etan. Larunbatean eta astelehenean, poniak eta zezen txikiak izango dituzte Latsunbe auzoko kirol pistan, goizeko 11:30etatik aurrera. Igandean Gari, Montxo eta Joselontxo pailazoen ikuskizuna izango dute Atsegindegin, arratsaldeko 17:30etatik aurrera. Astelehenean, malabarismo eta oreka tailerra izango dute, Atsegindegin, 12:00etan, eta Atsegindegin bertan, baina arratsaldeko 17:00etan, herri kirolak izango dituzte Zurgai taldearekin.

Gazteentzako eskaintza
Gazteek Euskodiskoteka izango dute Plaza Berrin ostiralean, arratsaldeko 17:30etan eta larunbatean, mozorro festa egingo dute Tilosetan, 19:00etatik aurrera. Astelehenean, goizeko 10:00etan gazteentzako Azeri Dantza berezia egingo da.

Sardinaren ehorzketa
Asteartean, otsailaren 5ean, arratsaldeko 18:30etan emango zaio azken agurra sardinari eta Inauteriei, datorren urte arte.

Kartel lehiaketa
Inauteriak iragartzeko kartel lehiaketa egin da aurten ere eta dagoeneko aukeratu dute kartel irabazlea. Egilea Aritz Arrizabalaga Urreisti da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!