Urtea ondo bukatu eta ondo hasi dute Hernaniko lasterkariek, eta Eguberri inguruko lasterketetako emaitzek hala erakusten dute. Abenduaren 31n San Silvestre lasterketa desberdinak jokatu ziren herriz herri, eta hernaniarrek podiuma eta emaitza onak lortu zituzten han eta hemen: Rosi Talaverak 2garren egin zuen Beasaingo 9 kilometrokoan. Eider Aldabek Donostiako 8,2 kilometrokoan hartu zuen parte eta lehenengo emakumezko juniorra izan zen (emakume guztien artean 8garren sartu zen). Eva Esnaola bere aurretik sartu zen, 7garren postuan eta beteranoetan 3garren izan zen hernaniarra. Bestalde, Sergio Romanek ere Donostiako San Silvestrean hartu zuen parte eta meritu haundiko 4garren postua lortu zuen. Ixiar Urdangarin izan zen San Silvestre lasterketa dotorea egin zuen beste hernaniarretako bat, Azpeitian 2garren egin baitzuen. Bestalde, Mikel Von Wichmann ere 2garren juniorra izan zen Errenteriako proban.
Erregenetako krosa ere bikain
Errege eguneko krosa jokatu zen igandean Zurriolan eta hemen ere paper ona egin zuten hernaniarrek. Rosi Talavera hirugarren izan zen eta Eider Aldabe lehenengo junior mailan. Hauez gain, Mikel Von Wichmannek ere hartu zuen parte eta 4garren jubenila izan zen hernaniarra.