TXOTX Batzordeak atzo aurkeztu zuen txotx denboraldi berria Udaletxean, Marian Beitialarrangotia Alkatearen eskutik. Udal ordezkariak, sagardogileak, tabernariak eta Berriak elkarteko arduradunak izan ziren aurkezpenean eta lehenengo eta behin txotx irekiera hain goiz izatearen arrazoia azpimarratu nahi izan zuten: «Ez da Astigarragarekin inongo lehiarik dugulako, San Sebastian eguna igandean izanda, beste egunik ez genuelako baizik». Inaugurazioa aurreratu arren, txotx denboraldia eta bertako ekitaldiak betiko fetxatan izango dira, eta bertarako jarriko diren neurri bereziak ere bai. Dagoeneko publiko egina dagoen moduan, Javier Vizcaíno Radio Euskadiko irrati esataria izango da aurtengo omendua eta igandeko Más que Palabras saioa Hernaniko Udaletxetik egingo du, ohorezko txotxa egin aurretik. Javier Ansorena sagardogileak eman zuen aurtengo sagardoaren berri: ´Uzta oso oso ona izan da aurtengoa. Lasto koloreko sagardoa dator, zapore eta usain onekoa` azpimarratu zuen. Onurak eta arazoak Atzo azpimarratu zuten txotx denboraldiak onurak eta arazoak ekartzen dituela Hernanirentzat eta arazo horiek konpontzeko bideak jarri behar direla ´nahiz eta milagrorik ezin den egin`, eta pausoz pauso egin beharko dela lan hori. Taxista, sagardogile, okin, tabernari... txotx denboraldiak jende askorentzat uzten du aberastasuna eta horren garrantzia azpimarratu zuen Alkateak atzo. Kaxkoko auzotarrentzat arazoak izaten direla ere ez zuen ahaztu, eta horri ezin zaiola bizkarrik eman ere azpimarratu zuen, ´baina iazko denboraldi bukaeran izan zen esaltazioa ere ez da bidea`. Kanpotik ondo pasatzera datorren jendeari, ´herri batera datorrela` adierazi behar zaiola nabarmendu zuen Beitialarrangoitiak, eta edukazio kontua diren zenbait jokaera aldatzeko bideak jarri behar direla.
Eztabaida parte hartzailea
Herritarrek txotx denboraldiaren inguruan zer pentsatzen duten ikusteko, eztabaida parte hartzaile bat martxan jarriko du Txotx Batzordeak, urtarrilaren 21etik aurrera. Adin tarte desberdineko herritarrei iritsiko zaie bileretara joateko deia, eta bertan ikusi ahal izango da herritarrek zer iritzi duten, ´eztabaidarako giro egoki batean`.
‘Hernanin ondo pasa,
ez pasa Hernanirekin’
Horixe da aurtengo denboraldiko leloa, jendeari zentzuz jokatzeko deia. Urteroko moduan neurri bereziak jarriko dira txotx denboraldian: tabernariek ez dute kristalezko ontzirik tabernatik ateratzen utziko, eta «izaten duten borroka txiki horretan laguntzeko» pegatinak atera ditu Txotx Batzordeak; Udalak kaleetako garbitasuna areagotuko du eta udaltzain gehiago ibiliko dira.
Aurten ahalegin berezia egingo dute jendeak kalean pixik egin ez dezan. Horretarako, kalean komun hobeak eskatu ditu Udalak: ´batik bat emakumeentzat, oraingoak ez baitira oso egokiak`. Horrez gain, jendeari komun publikoak non dauden azalduko zaio. Eta kalean pixa egiten harrapatzen dutenari isunak jartzen jarraituko dute, 200 eurokoak. Hala ere, Alkateak argi utzi nahi izan zuen udaltzainek ez dutela beste alde batera begiratzen, «baina kasu batzuetan neurtu beharra daukate isunak jartzera joanda, liskar haundia sortuko bada nola jokatu».
Bestalde, urteroko moduan, herri barruko autobusa ere ibiliko da sagardotegiz sagardotegi, eta aurten aste egunez nahiz orduz kanpo ere hartuko ditu taldeak (15 lagunetik gorakoak direnean, gidariari deitu eta ordua hitzartuta). Autobusen aparkalekua Ibaiondo eta Akarregi poligonoetan izango da aurten ere.