hernaniko txotx denboraldia hasteko zorian dago. Sagardotegiak antolatzen ari dira, txotx denboraldiko egitaraua zehaztu du Txotx Komisioak eta igande honetan irekiera ekitaldia egingo da. Denboraldiaren irekiera ekitaldia inoiz baino goizago egingo da, igande honetan, baina sagardotegi gehienek San Sebastian inguruan irekiko dituzte ate eta ziriak, usadioak agindu bezala.
2008ko denboraldiko irekiera ekitaldia
Aurtengoa seigarren urtea da Hernanin, denboraldia irekitzeko ekitaldi berezi bat egiten dena; igande honetan izango da, hilak 13, Gudarien Plazan, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara. Bertan Aimar Irigoien harri jasotzaileak eta Fausto Mugerza aizkolariak beren sasoia erakutsiko dute. Ondoren, Javier Vizcaíno kazetariak ohorezko txotxa egingo du; Ttarla taldeak dantza saioa egingo du; bertsolariak ere izango dira, eta sagardoa eta txorizoa dastatzeko aukera ere bai; Incansables txarangak bazterrak alaituko ditu.
Denboraldiko ekitaldiak
Dagoeneko zehaztu dute aurtengo txotx denboraldiko ekitaldien egitaraua. Aipatzekoak dira, besteak beste, otsailaren 23an egingo den Sagar Lasterra, martxoaren 2an Chillida Lekun egingo den III. Sagardo Eguna eta Martxoaren 16ko Tolarea Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Kofradiaren XIII. Kapitulua. Horrez gain, urtero bezala, Iñude eta Artzainen konpartsa ibiliko da hilaren 27an, eta Inauteriak izango dira otsailaren hasieran. Hauetaz gain, kale an-tzerkia, haurrentzako ekitaldiak eta musika emanaldiak ere izango dira.