Asteburuan hasiko da Berria txapelketa eta 9 partidu Hernanin jokatuko dira

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 7a, 01:00

ASTEBURUAN, urtarrilaren 12an, hasiko da bosgarren Berria Txapelketa, urtetik urtera sendotzen ari den kluben arteko pelota txapelketa. Hernaniko pelotazaleek, aurtengo edizioan, Hernaniko kiroldegiko frontoian 8 kanporaketa ikusteko aukera izango dute eta finala ere bertan jokatuko da. Txapelketaren antolaketa lanetan ere lan haundia egiten ari da Hernaniko Pilota Saila, E.H.P.K.rekin elkarlanean. Txapelketan gonbidatutako 24 klubek hartuko dute parte, Gipuzkoako 7, Nafarroako 6, Bizkaiko 7, Arabako 2, Errioxako 1 eta Iparraldeko 1ek.

Hernani zuzenean bigarren kanporaketan
Txapelketaren egutegia prestatzeko kanporaketak antolatu dituzte lehenik eta behin. Hernani, iazko zerrendaburu izan ziren beste zazpi klubekin batean, bigarren kanporaketarako sailkatu da zuzenean eta aurreneko partidua otsailaren 9an jokatuko du, Markina eta San Miguelen arteko partiduko txapeldunaren kontra.

Hernani txapeletik gertu izan da azken edizioetan
Hernanik maila haundia erakutsi du Berria txapelketako edizio ezberdinetan, eta sailkapenean nahiko goian egotea lortu du, txapeletik gertu: -Aurreneko edizioan, 2004an, finalaurrekoetan geratu zen Hernani. Txapelketa Bidegoian-Albizturgo Zazpiturri klubak irabazi zuen. -Bigarren edizioan, 2005ean, Hernani finaleraino iritsi zen, baina Uharte gehiago izan zen eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. -Hirugarren edizioan, 2006an, Hernani bigarren kanporaketan Txarutaren kontra galdu eta eliminatu egin zen. Txapelketa Burlatako Zugarraldek irabazi zuen. -Iazko edizioan, laugarrenean, Hernani finalera iritsi zen, baina Irurtzun gehiago izan zen eta txapela eraman zuen azkenean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!