Uxue Fernandez Lasa «Palan jokatuz ondo pasatzea da helburu nagusia»

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 6a, 01:00

ORAIN dela hamabost hilabete hasi zen frontoian jokatzen Uxue Fernandez Lasa urretxuarra. Ezin esan ikastea kosta zaionik: paleta gomaz munduko txapelduna izan zen bikoteka San Franciscon (AEB) jokatutako finalean. Hernanin bihartik hasita ekainera bitartean antolatu dituzten partaidetza saioetan monitore izango da.

Zer landuko duzue ikastaroetan?
Helburu nagusiena emakumeek palan jokatuz ondo pasatzea da eta dauzkaten gaitasunak hobetzen joatea.

Zer maila dauka ikastaroan izena eman duen jendeak?
Batzuk zerotik hasi dira, ikastaroetan hartu dute lehenengo aldiz pala. Beste batzuk, gazteagoak zirenean, frontoian ibilitakoak dira. Saiatu beharko dugu denak aintzat hartuz zer edo zer orekatua egiten. Ikastaroa ez dago bideratuta jokatzen dakien jendeari, ezta jokatzen ez dakienari ere; izerdi pixka bat bota eta ondo pasatzea da kontua.

Izena eman duen jende kopuruarekin gustura al zaude?
Bai, batez ere izena eman duten asko abenduko ikastaroetara azaldu ez zen jendea delako. Saiatu gara lau haizetara zabaltzen gure egitasmoa eta gustura gaude. Badirudi ´paleta ikastaroa` esan eta horrek atzeraka egiten diola askori; jendeari tartean behin telebistan ikusten dituen kaskodun profesional horiek etortzen zaizkiola burura; errezeloz hartzen dute hasieran. Baina gero saio batera etorri eta ondo pasatzen dutela ikusten dute. Horrela animatzen da jendea. Eta ahoz ahokoak ere asko egiten du noski, zeren abenduko lehenengo saiora sei-zazpi pertsona etorri ziren eta handik pare bat egunera bizpahiru gehiago animatu ziren, bakarren batek esanda.

Afizioa sortu ondoren konpetitzen hasteko intentzioa ba al dago?
Emakumea pilotari egitasmoaren barruan ikastaroez aparte kurtso bukaeran festa bat egiten da eskualde guztietako jendea biltzeko. Aurtengo asmoetako bat da herri bakoitzean txapelketa antzeko zerbait antolatu eta gero bukaerako festan txapelketa horretako finala jokatzea. Baina hau ez da lehiaketara bideratutako ekimena.

Paleta aukeratu duzue. Pentsatu al duzue beranduago beste joko klaseetara zabaltzea, eskuzkora adibidez?
Ez. Eskuz aritzea oso gogorra da. Neskak ibiltzen dira hamahiru-hamalau urtera arte, baina adin horretatik aurrera indarrean aldea nabaritzen da eta ailegatzen da momentu bat ezin dutena mutilen mailan aritu. Paletan berriz, eskuek ez dute horrelako minik jasaten eta manejatzen errazagoa da. Egokiagoa dela uste dugu, jendea animatzeko ere. Esku hutsez aritzea baino paleta erabiltzea errazagoa da. Eta gainera emakumeentzako kirol federatu modura paleta bakarrik dago.

Zerorri palista zaitugu. Palan parte-hartzea nola ikusten duzu?
Aldaketa antzematen ari da Emakumea Pilotari proiektua 2004an martxan jarri zenetik. Parte-hartze saioak ondo doaz: Tolosan bi talde ari dira, Donostian hiru, Hernanin bizpahiru egongo dira, Azpeitian bi... Neskena, eskola kirolean ondo dabil eta federatuen kopurua ere hazten ari da.

Egitasmo hau baino lehen ez al zegoen formazioa bultzatzeko pentsatutako programarik?
Ez. Hau emakumeen eta nesken parte hartzea sustatzeko jarri zen martxan, batez ere ez zegoelako ezer: eskuz ibili eta hamahiru-hamalau urterekin akabo. Tradizioa dagoen lekuetan bakarrik jarraitzen zen. Ni orain dela hamabost hilabete hasi nintzen paletarekin, besteak beste lehenago ez nekielako aukera hori zegoenik. Orain dezenteko marketing kanpainan sartuta gaude eta jendea gerturatzen ari da. Baina ematen zuen pelotan eskuz eta mutilek bakarrik jokatu zezaketela.

Telebistan ere partidu gutxi jartzen dituzte.
Ez dauka inongo oihartzun mediatikorik. Eta polita da ikusteko. Emakumea Pilotari-ko finalak adibidez Hernanin jokatu ziren abenduaren 1ean, eta nik uste dut frontoira gerturatu zirenak gustura geratu zirela ikusi zutenarekin. Herri desberdinetan jokatu dugu txapelketa hori eta Urretxun adibidez jende pila bat gerturatu zen ikustera. Nik eta nire bikoteak ordubetetik gorako hiru-lau partidu jokatu genituen txapelketan. Bere gogortasuna eta intentsitatea badauka.

Dena kirola ere ez da, hala ere; ospakizunak ere egin dituzue. Hor dago Emakumea Pilotari Eguna.
Amasan izan zen. Goizez ariketa batzuk egin genituen egitasmoa egin den herri guztietako emakumeak bilduta. Gero bazkari bat egin genuen. Aurten ere ekaina iristen denean berriz antolatzeko asmoa daukagu. Horrela jendeak ikusten du bakoitza bere herrian aritzeaz gain beste herrietan ere ari direla.

Harremanak sortzeko balio du.
Bai. Sei-zazpi herritan bagabiltza eta dauzkagun baliabideekin askoz gehiagotara ezingo genuke ailegatu. Baina gutxika-gutxika helburuak betetzen ari gara.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!