Emakumeen paletak gogor astinduko du urtea

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 6a, 01:00

AKonponbidea 2003/2004 denboraldian hasi zen. Arazoa lehenagotik zetorren. Geroz eta emakume gutxiago ari zen federatzen palan jokatzeko eta Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak irtenbideren bat bilatu behar zela pentsatu zuen. Emakumea Pilotari egitasmoa premiazkoa zenean jarri zen abian. Lau urte joan dira geroztik eta ereindako hazia bere fruituak ematen hasi da.

Partaidetza saioak
Ezagutzea da lehen urratsa. Parte hartzea bigarrena. Hernanin astelehenetik aurrera abiatuko den ikastaroak helburu hori izango du: 20 urtetik aurrerako emakumeek palan jokatzeko oinarrizko teknikak menderatu eta frontoian ibiltzera animatzea. Urtarrilean hasiko da, eta ekainera arte luzatuko da. Joan den abenduan egin zituzten aurreneko jardunaldiak eta emaitza ona izan zen irakasle lanetan aritu zen Uxue Fernandez Lasaren esanetan. Zazpi saio antolatu zituzten goizez eta arratsaldez eta batazbeste zortzi emakume aritu ziren palarekin trebatzen. Fernandez Lasaren esanetan parte hartu zutenetako gehienek bihartik aurrera martxan jarriko den ikastaro luzean parte hartzeko izena eman dute dagoeneko. Dena dela, horiek baino gehiago dira ikastaroetarako izena eman dutenak. Hamazazpi emakume ariko dira ikastaro luzean, irakasleak azaldu duenez. Abenduan aritu direnetako batzuk lehenago palan jokatutakoak ziren, baina beste batzuk zerotik hasi dira kirola ezagutzen. Horregatik teniseko pelotarekin egingo dituzte urtarriletik ekainera bitartean iraungo duten ikastaroko ariketa gehienak. Gomazkoa erabiltzea baino errazagoa da aurreneko pala kolpeak emateko, antolatzaileen esanetan.

Ordutegia arazo
Gehienek goizez eman dute izena ikastaroan eta arratsaldeetan aritzeko aukera izango denik ezin du ziurtatu irakasleak. Gutxieneko kopuru bat eskatzen dute eta arratsalderako lau pertsonek bakarrik eman dute izena. Beste norbait apuntatuko balitz ziurtzat joko luke Fernandez Lasak txanda horretan klasea emango duela. Baina ikastaroen ordutegia ez da izan zitekeen onena, batez ere lan egiten duen jendearentzat: goizez 9:30tik 11:00etara eta arratsaldez 14:45tik 16:15era izango da. Frontoia ordu horietan baino ezin izan dute hartu, Hernaniko Udal Kirol Patronatuarekin egindako hitzarmenak kirol instalazioak libre dauden orduetan erabiltzeko baimena ematen duelako. ´Jende askok esan digu ‘apuntatuko nintzateke, baina lana daukat’. Ulertzen dugu ez digutela frontoia utziko arratsaldeko seietan adibidez, jendeak etortzeko errazago edukiko lukeen orduetan`. Dagoena dago. Horregatik goizez lan egiten duen jendearengana iristeko modua bilatu dute arratsaldeko txanda eguerdira hurbilduz.

Hiru zutabetan oinarritua
Gipuzkoa bost eskualdetan banatu zuten Emakumea Pilotari programa abian jarri zutenean; ondoren eskualde bakoitzeko bi herri haundienetan hasi ziren lanean: Arrasate, Bergara, Azpeitia, Zestoa, Tolosa, Ataun, Irun, Hondarribia, Donostia eta Hernani izan ziren horren testigu. Hiru zutabetan hartu du oinarria hasiera-hasieratik programak. Ekainera bitarteko partaidetza saioek osatu dute aurrenekoa, orain arte frontoian aritzeko aukera izan ez duten emakumeei bidea erraztu dielako. Bigarrena berriz, ikastetxeetan neskentzako sustapen jarduerak antolatzea izan da, bakoitzak jokatzeko dituen baldintza eta gaitasunak kontuan hartzeko. Eskoletan egindako lan horretan pala landu dute gehienbat, baina eskuz ere probatu dute kasu batzuetan. Saio horien segidan berriz, paleta eskolak antolatzen ahalegindu dira lehendik horrelakorik ez zegoen herrietan. Baldin bazegoen, antolakuntzan eta azpiegituretan laguntza ematen saiatu da Federazioa. Kirol federatua da egitasmoari eusten dion hirugarren zutabea. Alor honetan hasi ziren palaren gabeziak nabaritzen, fitxa kopurua jaisten hasi zenean. Dena dela, aurretik egindako lanarekin apurka-apurka kopuru hori haunditzen joango dela uste dute antolatzaileek. Bitartean jokalari federatuen egutegiak eta lehiaketa-sistema hobetzea izango da Emakumea Pilotari programaren erronka. Gainera egitasmoaren izen bereko txapelketa sortu dute, bi jokamoldetan: frontoian pelota trinkoarekin eta trinketean paleta gomaz. Frontoikoaren bigarren edizioa abenduan amaitu zen; martxoan abiatuko da trinketekoa bigarrenez. Horietaz gain, Euskadiko txapelketa eta GRAVN-a ere badira frontoian eta trinketean aritzeko. Diru pribatuak bultzatuta DV txapelketa ere martxan jarriko da 2008arekin batera.

Gustura emaitzekin
Hernaniko sustapen saioek erantzun ona jaso dute eta antzera gertatzen ari da beste eskualdeetan ere. Eskola kirolean egindako ahaleginari esker iaz hamar eta hamasei urte bitarteko berrehundik gora neska aritu ziren lehiaketetan. Federatuen kopurua ere ari da pixkanaka gora egiten: Gipuzkoan 50 inguru daude momentu honetan. Jarritako helburuak betetzen ari da Emakumea Pilotari egitasmoa. Bi fasetan gauzatzea zen Federazioaren asmoa eta eskualde gehienetan bigarrenean buru-belarri murgilduta daude. 2009-2010 denboraldian bukatzeko intentzioa dute. Herri batzuetan egonkortzen doan neurrian beste batzuetan hasiko da pala dantzan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!