HERNANIKO PSE-EEk eskari bat egin du udaletxean, Hernanin geltokia duten autobus zerbitzuen geltoki, ibilbide eta ordutegiak egokitzeko. Jose Ramon Chica, PSE-EEko bozeramaileak azaldu duenez, azken urteetan Hernaniko biztanleen banaketa asko aldatu da, ´esaterako, Etxeberri, Florida, Karmelo Labaka, Antziola, Sagastialde eta Sorgintxulo auzoetan biztanle kopuruak gora egin du, eta horrek autobusen ibilbideak aldatu beharra eskatzen du`. Ibilbideak ez dira aldatu Jose Ramon Chicak gogorarazi du, Hernaniko Udala, Diputazioa eta autobus enpresek adostuta, Lurraldebus partzuergoa sortu zela. ´Hurrengo urratsa txartel bakarreko sistema martxan jartzeko negozioazioak hastea izan zen. Negoziazio horiekin batera, Hernaniko PSE-EEk eskatuta, autobusen ibilbideen inguruko negozioazioa hasi zen`. Jose Ramon Chicak azaldu du ez dakitela negoziazio horiek zein egoeratan dauden, baina ´autobusen ibilibide eta geltokiak oso gutxi` aldatu direla aipatu du.
PSE-EEk egindako eskariak
Honakoak dira Hernaniko PSE-EEk egindako eskari zehatzak:
-Hernani, Donostia, Martutene, Antiguo, Aiete, Urnieta, Andoain lineak hartzen dituzten autobus zerbitzuekin gai honen inguruko negoziazioei berriro ere ekitea.
-Autobus zerbitzu ezberdinen ibilbide eta geltokiak biztanleen beharretara egokitzea.
-Herri barruko autobusaren eta herri arteko autobusen ordutegiak eta geltokiak koordinatzea.
-Herri barruko autobusa auzo gehiagotara zabaltzea (Galarreta, Sogin Txulo, Santa Barbara, Ereñotzu...). Posible ez balitz herri arteko autobus zerbitzuekin negoziatzea herri barruan egiten dituzten ibilbideetarako prezioak merketzeko.
-Herriko alderdi politikoei negoziazioen berri ematea eta baita hartutako erabakien berri ere.