Datorren igandean, hilak 13, Hernaniko txotx denboraldia irekiko duzu. Zer suposatzen du zuretzat? Zein asmo duzue egun horretarako?
Sekulako ilusioa egin dit. Saria jasoz geroztik, egin didaten gonbiterik atseginenetakoa izan da. Asmoak, berriz, oraindik ez ditut ezagu-tzen. Printzipioz, bisita aprobetxatuz, elkarrizketaren bat edo beste egiten saiatuko naiz, txotxaren momentu handia iritsi aurretik.
Beraz, Hernanira etorri arren, lan egingo duzu?
Bai, lan egingo dut. Goizean programarekin harremanetan egongo naiz; programaren zati bat nik egingo dut, ahal dudan arte. Gero nire lankideek jarraituko dute.
Asteburuetan lan eginda, behin baino gehiagotan joango zinen ajearekin lanera? Sagardo ajerik izan duzu inoiz?
Aspaldian ez dut parrandarik egiten. Baina bai, izan ditut aje bat baino gehiago sagardoarenak. Gogoratzeko modukoa, lankide batek eta biok Urretxun, Kilometroetan, harrapatu genuen kankarra. Uste duzu sagardoak ez duela asko jotzen eta... hantxe geratu ginen biok, Bilbora itzultzeko gauza ez ginela.
Bizkaitar bat Hernaniko sagardo denboraldia irekitzen. Zein harreman duzue bizkaitarrek sagardoarekin?
Sagardo asko edaten dugu. Hemen ere -Bizkaian- badira sagardotegiak baina ez dago hor dagoen tradizioa.
Eta Javier Vizcaínok edaten al du sagardorik normalean?
Bai, txiki-txikitatik gustatu izan zait. Txikitan asko edaten nuen, sagardo gozoa edaten genuen. Bestea ezagutu nuen arte, jakina.
Etorri al zara inoiz Hernanira autobusean?
Ez, autobusean ez. Beti kotxean, eta geure burua neurtuz. Gero Bizkaia aldean hasi ginen eta hementxe geratu ginen.
Elkarrizketa hau Hernaniko Kronikarako da. Zein kronika iristen zaizue Hernanitik?
Oso gutxi, eta iristen dena zoritxarrez erabat mediatizatua dago. Guri iristen zaigun Hernaniko kronika, Estatuan zabaltzen den bera da: Hernani istiluekin lotzen da. Nik ezagutzen dut Hernaniko jendea eta badakit hori ez dela horrela, baina hori da iristen dena, aurpegirik itsusiena, errealitatearen %1 soilik islatzen duena.
Jende askok estimatzen du Más que palabras irratsaioa. Zerbait esan nahi duzu honen inguruan?
Ilusio handia egiten dit. Hasieran proiektu txikia zen eta gerora ere, beti neurtu dugu hazkundea. Edukiak zaintzen saiatzen gara. Ez dira eduki errezak, serioak dira, hori bai, umore ukitu batekin. Orain kalitatea eta kantitatea lortu ditugu, baina bietako bat aukeratu beharko banu, ez nuke zalantzarik izango: kalitatea aukeratuko nuke.
Elkarrizketa eta eztabaida asko egin dituzue aktualitate gaien inguruan. Hainbeste hitz egin eta gero, ezertan aldatu al da diskurtso orokorra?
Oso gutxi. Oinarrizko diskurtsoa bere horretan mantendu da. Itxuraz aldatzen da baina mamia beti bera da; moda baten antzekoa da: esperantza garaia, ondoren garai beltza, berriro esperantza garaia, berriro garai beltza...
Momentuan momentuko interes politikoen arabera izaten da, baina azkenean mamia beti bera da. Zeintzuk dira urte hasiera honetako Cociditoa egiteko osagai nagusiak?
Orain espektatiba garaia da. Itxuraz, datorrena, nahiko urte itsusia izango da. Hauteskundeak datozela eta, kanpaina iraunkorra egingo dute, interesen araberakoa, jakina. Estatuan botoak lortzeko iturrietako bat Euskadi da, horregatik, egurra emango digute.
Zein da Cocidito madrileño bezalako saio baten helburua? Hausnarketa, odola berotzea, farre egitea?
Batez ere, bi helburu ditu. Bata, birziklatzea, alegia, min egiten duten edukietaz barre egiten ikastea; bestea, jakitea zein arma, tresna eta abar erabiltzen diren min egiteko, erabiltzen baitira. Badago jendea denetarako prest dagoena, eta diru asko jasotzen duenik ere bada, lan hori egiteagatik. Horregatik, bi helburu horiek azpimarratu nahi ditut: lehenengoa, errealitatea ezagutu, zer egiten den ezagutu, eta jakin hori egiten dela; eta bigarrena, oso garrantzitsua, barre egitea.
Cocidito madrileñok Premio Ondas a la innovación radiofónica saria jaso du. Zergatik da berritzailea?
Beno, oraintxe bertan ez da oso berritzailea. Bere garaian ez zegoen horrelako programarik, eta orduan bai. Berrikuntzak? Bueno, fenomeno txiki bat izan da; programa honetatik bi liburu egin dira, antzezlana...
Komentario absurdoak, barregarriak, ateraldiak... barru ona izan behar da horiek denak irensteko?
Niri kosta egiten zait, gero eta gehiago gainera. Orain forense batek bezala aztertzen ditut adierazpenak, aukeratu egin behar izaten ditut, ireki eta aztertu. Hasieran barregarria iruditzen zitzaidan lan hau, adierazpenak entzun eta aukeratzea. Orain gero eta okerrago daramat. Hamar minutuko saioa ere egin dezakegu egiten diren adierazpen mordoarekin, baina ez dut nahi; bi minuturekin aski dela uste dut.