Javier Vizcaíno kazetariak irekiko du txotx denboraldia hilaren 13an

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 5a, 01:00

HERNANIKO txotx denboraldiaren irekiera ekitaldia bihar zortzi egingo da, urtarrilaren 13an, azken urteetako ohiturari segiz, Gudarien plazan, eguerdi partean. Urtero pertsonaia ezagun batek ireki ohi du ohorezko txotxa eta aurten Javier Vizcaino kazetaria izango da horren arduradun. Radio Euskadiko Más que palabras magazina zuzentzen du barakaldoarrak asteburuetan, joan deneko 9 urtean, tartean hain ospetsua egin den Cocidito Madrileño atala. Atal honek sekulako arrakasta izan du eta bi liburu, antzezlan bat eta beste egin dira ataltxo honen inguruan; duela gutxi, Premio Ondas a la Innovación Radiofónica saria eman diote atal honi. hau guztia dela eta, Hernaniko txotx deboraldiaren irekiera ekitaldian omenaldia egingo diote kazetariari, datorren igandean, hilak 13, eta berak egingo du ohorezko lehenengo txotxa. Aurtengoa seigarren urtea da Hernanin Txotx denboraldia irekitzeko ekitaldia egiten dena. Urtetik urtera arrakasta handiagoa du eta gero eta jende gehiago biltzen da egun honekin, plazan, aurreko urteko uztak eman duen sagardo berria dastatzeko gogoz.

Txotx irekiera ekitaldia inoiz baino goizago
Aurtengo txotx denboraldia hasteko ekitaldia aurreko urteetan baino goizago egingo da Hernanin, normalean San Sebastian inguruan izaten baita eta honekin bateratsu irekitzen baitira sagardotegiak. Aurten urtarrila ekitaldiz beteta dator, izan ere, hilaren 20an San Sebastian eguna ospatuko da, hilaren 27an Iñude eta Artzainen eguna, eta konturatzerako, otsailean, inauteriak izango dira. Horregatik, hain zuzen ere, Txotx Batzordeak hala erabakita, aurten urtarrilaren 13an egingo da txotx denboraldi hasierako ekitaldia. Beraz, urte berria uzta berriko mama goxoa probatuz hasteko moduan izango dira sagardozaleak.

Gehienek San sebastian inguruan irekiko dute
Txotx denboraldia irekitzeko jaia hilaren 13an egingo den arren, sagardotegi gehienek ez dituzte ateak egun horretan irekiko, bakoitzak erabakitzen baitu hori. Gehienek, ohiturari jarraiki, San Sebastian bezperan irekiko dute, urtarrilaren 19an, baina bada lehenago eta beranduago irekiko duenik ere. Hernaniko sagardotegiak txotxean Txotx denboraldiaren hasiera herriko plazan egingo den arren, garaiko leku naturala, sagardoa dastatzeko, sagardotegia da. Egun Hernanin 12 sagardotegi daude: Akarregi, Alberro, Altzueta, Elorrabi, Goiko Lastaola, Iparragirre, Itxasburu, Larre-gain, Olaizola, Otsua-enea, Rufino eta Zelaia eta guztiek irekiko dituzte ateak aurten ere. Ekitaldiaren historia txikia Hernaniko txotx denboraldia irekitzeko ekitaldi honek jada sei urte bete ditu. 2003an hasi ziren egun hau ospatzen eta Aimar Olaizola pelotaria izan zen omendua eta ohorezko txotxa egin zuen lehena; 2004an Lizaso bertsolari familia omendu zuten; 2005ean, Argiñano, Berastegi eta Ixaak Salaberria sukaldariak; 2006an, Chillida familia; 2007an, Wazemank programa. Aurten, Javier Vizcaíno kazetaria ospetsua izango da omendua eta hasiera emango diona denboraldiari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!