«Gerra estrategia honen aurrean planteatzen duguna da euskal jendarteak harresi bat eraikitzea»

Kronika - Erredakzioa 2008ko urt. 5a, 01:00

Hainbat luzeko epaiketaren ondoren, horrelako epairik espero al zitekeen?
Baloratzea zaila da, baina zigorra espero nuen. Epaiketa joan den bezala eta egoera politikoa dagoen testu inguruan, zigorra eredugarria izango zela espero zitekeen. Azken finean epaiketa hau ez da hor geundenon kontrako epaiketa, epaitzen ari zena Euskal Herriaren aldeko borroka zen, eta epaiketa hor kokatzen badugu, zigorrak ere eredugarria izan behar zuen borroka horren kontra. Euskal Herriaren askatasunaren aurkako erasoan dago kokatua epai hau, Estatu Espainolak Euskal Herriaren aurka jazartzen duen eraso bortitzean.

Auzipetu guztiei modu bat edo bestean ETArekin harremana izatea leporatu die epaiak. Uste duzu egoera politikoak eraginik izan duela epaian?
Hasieratik estrategia politikoan kokatu behar da auzi guzti hau, epaiketa politikoa izan baita guztiz. Egin itxi zutenetik honaino. Distentsio garai batean eta benetako borondatea izanez gero, logikak dio epaia bestelakoa izango zela, baina hor ikusten da zein izan den Espainiako Alderdi Sozialistaren eta Espainiako gobernuaren benetako borondatea, horrelako tresnak ez ditu inolaz ere desaktibatu eta gerra estrategian sakontzen joan da.

PSOEren `gerra estrategiaren` barruan kokatzen duzue auzia.
Nabaria da hori. Epaiketa honetan ikusten da, baina baita Batasunako mahai nazionalaren atxilotzean ere, eta gazte mugimenduari ezarri zizkioten zigorretan, torturen jarraipen eta gogortzean, ilegalizazio zurrumurru berrietan... estrategia guzti horren helburua da Euskal Herriarentzat marko demokratiko berri bat benetan aldarrikatzen duten indarrak eta Euskal Herriaren aldeko borroka aurrera daraman mugimendu bakarra txikitzea; ezker abertzalea txikitu nahi dute, baina helburua Euskal Herria da. Momentu honetan ezker abertzalea alboratu nahi dute PSOE eta EAJk, beren helburuentzako freno bat delako. Geroz eta garbiago ikusten da PSOE eta EAJ karril berean dijoazela, iruzur berri bat prestatzeko bidean. Hor kokatu behar da epaiketa eta prozesu guztia.

EAJk hau baimendu duela azpimarratzen duzu.
Azken finean EAJk ere ezker abertzalea txikitua behar du. Ikusiz gero PSOE eta EAJ nora dijoazen momentu honetan eta ikusita EAJk indarra duela, baina hitz hutsetan geratu dela, baieztatu liteke hori. EAJk Espainiako judikaturari babes osoa azaldu dio eta baita Guardia Zibilari ere Madrileko dokumentua sinatzean, hor ikusten da bide polizialaren alde egin duela. Hor ikusten da benetan EAJ nondik nora datorren eta nora dijoan, eta PSOEkin zer nolako etorkizuna marrazten ari den Euskal Herriarentzat.

Euskal Alderdi Abertzaleak eta EB auziaren aurka azaldu dira. Zer eskatuko zenieke epai honen kontra egon edo zalantzan jartzen duten alderdiei?
Guk gure planteamendua oso argi jarri dugu mahai gainean, zergatik auzipetu gaituzten eta zer ordezkatzen dugun. Guk eskatu genuena eta eskatzen duguna da, eta ez alderdiei bakarrik, harresi bat eraikitzea. Eta ezin da harresi hori eraiki harresiaz beste aldetik dagoenarekin paktuak eginda. Ulertezina eta onartezina zaigu Euskal Herrian epaiketaren aurkako hitz batzuk esan eta bitartean Madrilen Audientzia Nazionalari erabateko babesa ematea. Bakoitzak jakingo du zer egingo duen eta eraso honek eta prestatzen ari diren iruzurrak zer dimentsio eta ondorio izango dituen. Horrek ez du sufrimendua luzatzea besterik ekarriko, gatazka inolaz ere ez du konponduko; hala ikusi da urte guzti hauetan. Gatazka konpontzeko bidea oso garbia da, Euskal Herria onartzea, aitortzea eta Euskal Herritarron hitza errespetatzea. Alderdiek bide horretan badute zereginik, esaten dutena egiatan esaten badute.

Hesi eraikitze horretan euskal gizartearen papera azpimarratu duzue.
Euskal gizartea prest ikusten duzu horretarako?
Nik bai eta horretarako argigarria da atxiloketak izan eta 48 ordutara Bilbon izan zen manifestazioa, prestatzeko astirik gabe eta ia propagandarik gabe deitua, eta lanuztearen erantzuna, prestatzeko denborarik gabe eta alderdi eta sindikatu batzuk egin zuten kontrako ahaleginaren gainetik. Erantzun horrek erakusten du haserrearen dimentsioa, badirudi jendeak ere ikusi dituela marra gorriak non dauden. Prozesu guztian ikusi da jendea prest dagoela harresi hori eraikitzeko eta ari gara eraikitzen. Orain sakondu egin behar da. Gauza bat da errepresioa geldiaraztea eta beste bat da herri honen eskubideen alde indarrak metatzea. Elkarrekin joan behar dute biak. Ni maila horretan oso baikorra naiz.

Udalbiltzaren auzia, Amnistiaren Aldeko Batzordeena, Egunkaria, Batasuna... epaiaren zain daude. 18/98koa ikusita zer espero liteke.
Gazte mugimenduaren aurkako epaiak bidea markatu zuten, orain hau etorri da eta datozenak ere ildo horretan kokatu behar dira. Zer egingo duten? auskalo, baina Euskal Herriaren alde lan egiten duen edozein txikitzeko prest daude eta datozen auzi horiek ere hor kokatu behar ditugu. Dena estrategia eta errezeta horretan sartua dauka PSOEk.

Eta zure kasua nola dago?
Ez dakit ezer. Gaixotu eta ospitalera sartu nintzenetik ez dut Audientzia Nazionaletik paper bakar bat ere jaso. Printzipioz, apartatu egin ninduten epaiketa ez eteteko eta halaxe nago, Jose Ramon Aranguren bezalaxe, behin behineko eta findantzapeko askatasunean, epaiketaren zain.

Aita ere auziaren barruan dago, osasun arazoak medio, etxean.
Baldintzapekoan dago, gaixotasun larria duelako. Baina edozein momentutan etorri liteke kontrako erabakia ere; egoera hori da. Kanpoan zaintzeko aukerak izango ditu, barruan ez dituztenak. Euskal Preso Politikoen aurka erabiltzen dute gobernuek haien osasuna, eta honetaz ari garenez, Angel Figueroa datorkit burura, heritasun larriarekin aske egon beharko lukeen arren, larri dauden beste hainbat preso bezala; trukerako txanpon gisara erabili nahi dituzte.

Auzipetu guztiek auziak iraun duen boladan bizi izango zuten zalantza, zerorrek edo zuen aitak bizi duzuena...
Horrelako egoera batean zer datorkizun ez jakitea nola eramaten da?

Bakoitzak bere modura. Zama bat da; ezpata moduko bat daramazu buru gainean eta ez dakizu haria mozteko guraizea duenak zer egingo duen eta noiz egingo duen. Egunerokotasunean, behar bada, ez hainbeste, baina etorkizunerako edozer pentsatzerakoan hor daukazu hori. Saiatzen gara horrek baldintza ez gaitzan eta demostratu da ez duela borrokarako gaitasuna eta gogoa moztu 18/98 auziko kasuetan. Konpromezuari eutsi egin diogu, ez dute lortu hori moztea. Hori demostratu da epaiketa osoan zehar, atxiloketak izan direnean eta epaiak eman direnean. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!