BIHAR iritsiko dira Errege Magoak Hernanira, Ekialdetik, gamelu gainean bide luzea egin ondoren. Opariz karga-karga eginda etorriko dira, urtero bezela, baina hala ere gorde dituzte indarrak karroza gainean herrian barrena buelta egiteko, gauean etxeetara sartu eta opariak banatu aurretik.
Ibilbidea Errege kabalgatak
Urbieta kalean, Karobi elkartean, hasiko du ibilbidea, arratsaldeko 18:00etan. Guztira bi karroza aterako dira, batean Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak joango dira, eta bestean, Jose, Maria eta Jesus haurtxoa. Urbieta kalean hasi eta urteroko ibilbidea egingo dute karrozek: Elkano kalera joango dira, gero Plazara, Kardaberaz kaletik Zinkoeneara joango dira, Txirrita kalea, Izpizua kaletik barrena Zinkoeneara, eta Kale Nagusia igo ondoren, Plazan bukatuko dute. Plazara, gutxi gorabehera, arratsaldeko 20:00ak aldera iritsiko dira. Herrian barrena ibilbidea egin aurretik, arratsaldeko 15:30etatik 17:30etara, Zaharren Egoitzara bisita egingo dute, urtero bezala.
90 lagun parte hartzen
Herritar ugari izan dira egun hauetan kabalgata antolatzen, dena behar bezala ateratzeko, guztira 90 lagun. Errege Magoak ez dira bakarrik aterako, pajeak, dantzariak, musikariak eta baserritarrez jantzitako haur eta helduak izango baitituzte lagun. Dantzariek kabalgaren ibilbideko zenbait puntutan fandango eta arin-arina dantzatuko dute, Plaza Berri inguruan eta Urbieta kalean, esaterako.
Seguritate soka heltzeko jende beharra
Urtero jende heldua izaten da karrozak inguratzen dituen seguritate sokari eusten. Jakinarazi dutenez, jendea behar da lan honetan laguntzeko. Arratsaldeko 18:00etan egin dute zita, kabalgata hasieran, Urbieta kalean, eta baserritarrez jantzita joanez gero, hobe.