urte Zahar eguna da gaur eta urtero bezala, herriko kaxkoan talde bat baino gehiago ibiliko dira zaharrari agur esan eta berriari ongi etorria eman asmotan. Ohitura Zaharrak abesbatza izango da horietako bat, eta urtero bezala, aurten ere Urte Zaharretako erronda antolatu dute urtea despeditzeko, Gudarien plazan hasi eta kaxkoan barrena geldialdiak eginez, kantuan. Bidelagun izango dituzte, beti bezala, Hernaniko bertso eskolako kideak, eta geldialdiko bertso saio txiki bat egingo dute hauek, momentuan momentuko jendeari eta giroari erreferentzia eginez.
Gudarien Plazan hasiko dute erronda eta Zaharren Egoitzara egingo dute lehendabiziko bisita. Hortik, berriz Plazan barrena, Kardaberaz kalean jaitsi eta Kale Nagusian igoko dira, lekurik nagusienetan geldituta. ´Dios te salbe, ongi etorri, gabon jainkoak diela...`. Gaur 17:15etan, Gudarien plazatik abiatuta.
Bertsolata ondo aurten ere
Urte Zaharretako erronda izaten da azken ekitaldia Hernaniko Iraulio Panttalone bertso kabiyak antolatzen duen Bertsolatan. Aurten ere ekitaldi asko zituzten prestatuta eta espero bezala joan dira denak, antola-tzaileek Kronikari jakinarazi diotenez.
Atzo frontoia ia bete egin zen Gipuzkoako txapelketako finalistak ikusteko eta saio ederra egin zuten 6 bertsolariek euren maila erakutsita. Hernaniko bertso eskolak omenalditxoa egin zien finalean kantatu duten bertso eskolako 4 kideei, txapelketan egindako lana gogoratze aldera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!