Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako errebantxa gaur kiroldegiko pelotalekuan

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 30a, 01:00

Hernaniko Bertso Latako ekitaldi nagusia izango da gaur, 18:00etan, kiroldegiko pelotalekuan, urteroko bertso jaialdia. Aurtengoa txapelketa urtea izaki, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean kantatu zuten zortzi bertsolarietatik sei entzuteko aukera izango da gaur Hernanin: Aitor Mendiluze Txapelduna, Beñat Gaztelumendi txapeldunordea eta Jon Maia, Jexux Mari Irazu, Aitor Sarriegi eta Unai Agirre. Final ondorengo saio hauei errebantxa kutsua hartu ohi dionik ere izaten da, txapeldunak hala dela erakutsi nahiko baitu, eta ez denak, egun bateko kontua izan dela. Gai jartze lanetan Joxe Luix Urdangarin ariko da, eta beregan normala den moduan, bertsolariak estuasunen batean jarriko ditu, seguruenera. Final ondorengo saioetan jendea erruz mugitu ohi da eta horregatik erabaki du Bertso Eskolak saioa kiroldegira eramatea, Biterin eta Sandiusterrin jendea kanpoan geratzeko arrisku haundia baitago. Sarrerak gaur eguerdira arte Jaialdirako sarrerak aldez aurretik hartu nahi dituenarentzat gaur arratsaldeko 15:00ak arte egongo dira salgai Aralar, Oindi eta Tripontzi tabernetan, 5 euroan. Saio aurrean, kiroldegiko pelotalekuan bertan ere izango dira txartelak salgai, 17:00etatik aurrera. Berogailua izango da Kiroldegiko pelotalekuan egiten diren ekitaldietan kezkarik haundienetako bat hotzarena izan ohi da. Bertso Eskolako kideek Kronikari jakinarazi diote, aire beroa botatzeko bi kainoi ekarri dituztela pelotalekura eta saio aurreko orduetan jarrita edukiko dituztela, saioa modu atseginagoan entzun ahal izateko. Orain artekoa ondo Bertsolatako bosgarren ekitaldia izango da gaurkoa, orain artean umeentzako saioa, Santo Tomas eguneko Saioa, bertso afaria eta Gu ta Gutarrak taldearen emanaldia izan baitira. Bertso eskolako kideak gustora daude orain arteko emaitzarekin: bai bertso mailari dagokionean, eta baita jendearen erantzunari dagokionean ere. Ekitaldi guztiek ikutu berezia izan dute, bertso eskolak publiko guztientzako pentsatutako egitaraua prestatu baitu. Xabi Paia eta Amets Arzallusek egindako bertso afariari dagokionez, bertan izan ez, baina saioa entzun nahi duenak interneten badu horretarako aukera, saio osoa www.bertsoa.com helbidean baitago. Egur batean aritu ziren Errio-Guarda jatetxean, elkarri desafio bizian. Urte zaharretako erronda Gaurko bertso jaialdiarekin ez da bukatuko Bertsolata, bihar urte zaharretako erronda izango baita. Ohitura Zaharrak Abesbatzak antolatuta, kalez kale ibiliko dira errondan, bertsolariak lagun. Nahi duen guztiak hartu lezake parte, baserritar jantzita. Zita, arratsaldeko 17:15etan dute Plazan eta kalez kale ibiliko dira.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!