2007 urtea joan da, ez zaio askorik geratzen, baina 2008ari ateak irekiko dizkio eta 12 hilabete izango ditugu aurretik, gauza askotarako, lana egiteko bai, baina baita disfrutatu eta zoriontsu izateko ere.
Hori guztia herritarrentzat, hernaniarrentzat urte berriari eskatzen diodana, elkarrekin egin beharreko bidea xamurra izatea eta zuen bakoitzaren ibilbidean zoriontsu izan zaiteztela.
Bada, nola ez, oztopo ugari bidean, baina guztion artean hauek gainditzeko lan egin nahi duenak bidelagun izango gaitu, horretan ez egin zalantzarik.
Denok izaten dugu urte bukaerarekin 12 hilabete barru egoera hobean izateko nahia, eta atzera begiratuz gero, aise ohartuko gara gauza asko okertu egin direla, ez guztiak.
4 urtez herriak bozka bidez alkatetza hartzeko aukeratu zuen zerrenda Udaletik kanpo izan da, eta aurten berriz, ilegalizazio mehatxuak hor egon arren, zerrendarik bozkatuena da agintean.
Baina modu berean iazko abenduan somatu zena, egia garbia bilakatu da, Euskal Herriak bizi duen auzia konponbidean jartzeko nahikoa borondate ez da izan, eta itxaropena zabaldu zuen prozedurak ez du herritarren soluzio nahia behar adina bildu eta jaso. Aukera paregabea zena zapuztu egin da, baina irtenbideak premiazko izaten jarraitzen du, eta garbi dago ilegalizazio bidezko ideien jazarpenak, zein bide politiko jakin baten hautua egin dutenak giltzaperatzeak ez dakarrela sufrimenduaren luzamendua baino. Atentatuak, preso baten senidearen heriotza... asko dira bizi dugun egoera zenbateraino den gordina adierazten diguten adibideak. Denak gogoan, irtenbideetan jarri beharko dugu indarra, eta guztion indarrak horretara lotu.
Hori da Alkatetza dugun EAE-ANVkoon konpromisoa, Hernaniko herritar guztien bizimodua hobetuko duen bidea lantzeko konpromisoa, bai politika orokorreko gaietan zein eguneroko kontutxoekin zerikusia dutenetan.
Eta gauza txikienetatik hasita, denak garrantzitsu diren modu berean, herritar guztion nahi eta desioak betetzeko ahaleginean jardun behar dugunaren uste sendoak konpromiso horri heltzera garamatza, hauteskundeetan denontzat lan egiteko aurkeztu baikinen, etorkizun hobea eraikitzeko lanean esku bat botatzeko asmotan.
Ea bada eskutik helduta aritzeko guneak eta uneak aurkitzen ditugun 2008 urtean, 12 hilabete barru atzera begira jartzen garenean malkoen gainetik irrifarreak nagusitu daitezen.
URTE BERRI ON!!!!!!!!!!!!!!
Marian Beitialarrangoitia Hernaniko Alkatea
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!