Zertan aldatu da Titin III, bakarkako bere lehen txapela eskuratu eta gero?
Aldatu, ezertan ez; alaiago sentitzen naiz, hori bai, baina aldatu, ezertan ez; jarraitu beharra dagoelako. Dagoeneko binakako txapelketan daukat burua.
Txapelarekin lasai erretiratu zaitezke behintzat, ezta?
(Barreak) Bai, zertxobait lasaiago bai; azkenean lortu dut.
Ardoa bezala, pelotariak urteekin hobera egiten al duzue Errioxan?
Espero dut baietz, esperientzian behintzat bai. Garrantzitsuena da ardoa bezala ondo egotea denboraldian; botilan, barrikan... denetan ondo egotea. Niretzat ondo joan da; ez dut lesiorik izan, eta horregatik pozik nago.
2007ko 111garren eta azken partidua jokatuko duzu gaur Hernanin. Ez da erraza izango deskonektatzea ia hiru egunez behin jokatuta...
Ez, hori zaila da. Eta kontua da dena oso segidan etortzen dela. Udaran jaialdiak, neguan txapelketak, eta egia esan, deskonektatzea ez da erraza; hamar-hamabost egun hartu ohi ditugu eta horrekin moldatzen gara. Pelota horrelakoa da, eta aurten kide batzuk min hartu dute eta ohi baino gehiago jokatzea tokatu zait. Deskonektatzeko beti dago denbora.
Hainbeste frontoi bete ikusi eta gero, oraindik sentitzen al da zerbait berezirik jokatzera ateratzerakoan?
Bai, noski. Hernani bezalako tokietara behin edo bitan etortzen gara urtean eta zaleentzako egun haundia izaten da. Jai giroa sortzen da frontoian eta giro horrekin jokatzeak gozamena eta emozioa sortzen dizkio pelotariari. Beroketa orduko nerbioak ez dira joan, hainbeste partidu jokatu arren.
Non ikusi duzu frontoia hutsa azkenekoz?
Beno, denetik dago, e! Negua gogorra da, enpresariek esaten duten bezala. Jende asko, hotzagatik edo telebistan ikusi dezakeelako, etxean geratu ohi da. Dena den, ezin gara kejatu zaleen erantzunaz.
Hainbeste partidu jokatuta, ba al duzu denborarik entrenatzeko?
Bai, normalean egunero entrenatzen dut. Ez hainbeste frontoian, baina bai gimnasioan. Jai hauek pasata, binakakoan murgilduko naiz buru-belarri eta hori ondo prestatu behar dut.
Frontoian sarri zilipurdika ikusten zaitugun arren, behin ere ez zara egon min hartuta hamabost egun baino gehiago. Prestatzaile fisikoak ere izango du hor partea, ezta?
Joaquin Plaza da nire prestatzailea debutatu nuenetik, eta Capellan, Del Rey, Cabrerizo, Merino, eta orohar, pelotari errioxarrak berarekin gaude. Oso ondo ezagutzen gaitu eta asko diogu eskertzeko.
Frontoian hartzen dituzun kolpeak,ondorioa uzen dute. Horiek egin al zaituzte zaren aurrelari abila eta zaila?
Nik belaunetan sufritzen dut gehien. Izorratu samarrak dauzkat, eta azkenaldian gehiago zaintzen ditut, Txema Urrutia medikuaren laguntzarekin. Hala ere, zorionekoa naiz ez dudalako lesio larririk izan.
Azkenaldian asko komentatu izan da boleibol jokalaria ere izan zinela...
Gaztea nintzenean kirol guztiak gustatzen zitzaizkidan eta boleibolean ere aritua naiz. Kirol horri esker, nire burua lurrera botatzen ikasi nuen eta horrek lagundu dit pelotan.
Pelotako gantxoak ere erabiltzen zenituen boleibol kantxan?
(Barreak) Ez, boleibolean eman egin behar zaio, eta boleak eskubiarekin egiten nituen. Gantxoak egiten, gaztetan ikasi nuen, indar askorik ez neukalako. Horregatik, arriskatu egin behar nuen.
Aurreko koadroak dira zure bizilekua. Zer da zuretzat lauterdiko txapelketa?
Oso garrantzitsua da niretzat. Indarra hartu du azken urteetan; uste dut lehen ez zitzaigula asko gustatzen frontoia moztea, ez zaleei eta ez pelotariei. Niri lauterdiak asko eman dit eta aurtengo txapelak berebiziko garrantzia izan du.
Grabatua geratu zitzaidan 1997ko final hura, Retegi IIren kontra galdu zenuena. Ze oroitzapen dituzu?
Ez oso onak, galdu egin nuelako! Urte hartan hasi nintzen sinesten gauzak ondo egiten jarraituz gero, aukera nuela txapelketa irabazteko.
Manista.com blogean ´XXI. Mendeko pelotari onena´ izendatu zaituzte. 2000tik hona jokatutako partiduen % 65,5a irabazi duzu. Irabazten ohituta?
Bai, irabaztera erraz ohitzen gara; zailagoa da galtzera ohitzea. Dena den, uste dut biak direla garrantzitsuak: irabazten eta galtzen jakitea. Ni saiatzen naiz partiduro gauzak ahal den ondoen egiten eta gero estatistikak zuentzako uzten ditut.
Txapa hotsa da pelotariaren etsai naturala. Lagun naturala zein da, zalea?
Oraintxe, pelota inguruko mundua esango nuke, orokorrean. Pelotarien artean oso giro ona daukagu eta arerio eta lagun gara aldi berean. Pelotak lagun pila bat eman dizkit eta ez da arraroa jokatu ondoren elkarrekin afaltzera joatea, esaterako.
Epaileekin, berriz, izaten duzue borrokaren bat edo beste...
Bai, baina normala da. Asko izaten dugu jokoan eta tentsioa haundia denez, batzuetan haserretu egiten gara. Baina beste pelotariekin ere pasa ohi zaigu; partidua bukatzean ahazten da hori.
1.300 partidutik gora jokatu dituzu profesionaletan eta aurrelari askoren aurka aritu zara. Zeini kostatu zaizu gehien tantoa sartzea?
Ez dakit, ez litzateke justua bat aukeratzea. Alustiza eta Etxaniz oso gogorrak ziren, eta baita Retegi II ere, Ladutxe, Bergara... Orain ere maila haundikoak badaude: Irujo, Olaizola, Capellan, Unanue...
Partiduak ikustera joaten al zara frontoira?
Ez dut denbora asko, baina noizean behin joaten naiz. Afizionatuak eta txikiak ikustera ere joaten naiz. Telebistan ikusi ohi ditut asko.
Orduan euskara pixka bat jakingo duzu agian, Euskitze eta Tolosa entzuten ohituta...
Ez, ez, gutxi! Gustatuko litzaidake jakitea, baina oso zaila da. Entzutean zerbait ulertzen dut, baina ezer gutxi.
Gaurko partidua nola ikusten duzu? Berezia izango da zuretzat, 2007 paregabe hau garaipen batekin bukatzea?
Bai, berezia izango da. Saiatuko naiz espektakulua ematen, eta frontoira etortzen den jendeak ondo pasa dezan. Horrela, datorren urtean, Jainkoak nahi badu, berriz ere Hernanin izango gara.
Gogoratzen al duzu Hernanin azkena jokatu zenuen partidua, sekulako beroa zen. Elkorori zera esaten zenion: `Ez moztu txokora, akabatuko nauzu eta!`
Bai, gogoratzen dut, oso egun beroa. Orduan Elkoro izan zen eta gaurkoan Pascual izango da agian, baina txokora mozten badigute, gaizki pasatzen dugu aurrelariok. Ez dezatela asko moztu!
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!