Antziolako Correa farmaziak egingo ditu datorren urteko gaueko guardiak

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 29a, 01:00

Garai batean ez bezala, aurten laugarren urtez, herriko eta zonaldeko farmazietako gaueko guardia Farmazia berak egiten du urte osoan. Garai batean astero aldatzen zen guardiko farmazia eta behartuz gero, egunkarian begiratu beharra izaten zen nora jo jakiteko. Orain, berriz, urte osoan farmazia berak egiten ditu gaueko guardiak, beraz, behin jakinez gero, aski. Hala erabaki zuten duela hiruzpalau urte Farmazialarien Elkarteak eta Hernani, Andoain, Lasarte eta Usurbilgo farmazialariek. Helburua, berriz, bezeroari zerbitzu hobea eskaintzea da. Hernani aukeratzearen arrazoia honakoa da: inguruko herrietako anbulatoriek ez dute gaueko larrialdi zerbitzurik, Hernaniko anbulatorioak bakarrik eskaintzen du; beraz, larrialdiren bat dutenek, Hernanira hurbildu behar dutenez, guardiko farmazia bertan egotea zela egokiena pentsatu zuten. Urtarriletik aurrera, gaueko larrialdiak Correa farmazian Azken hiru urteetan txandaka eskaini dute zerbitzu hau, urtero farmazia batek. Aurten Etxebeste farmaziak egin ditu guardi hauek, eta falta direnak ere egingo ditu. 2008ko urtarrilaren 1etik aurrera, ordea, Correa farmaziak hartuko du lekukoa. Esandakoaren arabera, ardura honek ez die berebiziko aldaketarik suposatzen, izan ere, orain, garai batean ez bezala, talde berezi bat dago, farmaziaz farmazia, lan hori egiteaz arduratzen dena; beraz, bertakoak eguneroko martxaz arduratzen dira, eta talde teknikoa gaueko lanaz. Larrialdiak soilik Printzipioz, gaueko guardiko farmazia larrialdietarako bakarrik da, baina errealitatea bestelakoa da, izan ere, badago jende asko hori kontuan hartzen ez duena. Prozedura logikoa honakoa litzateke: lehendabizi anbulatoriora jo, bertan, beharrezkoa bada, errezeta jaso, eta errezeta horrekin, farmazira jo. Egunerokoa, ordea, ez da horrela izaten, askotan jendea anbulatoriotik pasa gabe zuzenean farmazira joaten baita. Honelakoetan, bertan dagoen talde teknikoak baloratzen du kasuaren larritasuna, eskatzen dena, premia, eskatzailearen jarrera eta abar. Kasua larria bada, larrialdietako medikuarengana bideratzen dute, anbulatoriora alegia. Ez bada hain larria, momentuan erabakitzen dute. Gaueko lana Segurtasuna ere zaintzen dute, gaueko lanak bai baititu bere arriskuak. Horregatik, ordu txikietan lehiatila txiki bat egoten da zabalik, eta arazoak suertatuz gero, harremanetan jartzen dira Udaltzaingo edo Ertzantzarekin. Hala eta guztiz ere, talde bat egote hutsak lasaitu ederra ematen omen die, ´ordu asko direlako eta ez zaudelako bakarrik`. Dena den, Miguel Correak dioenez, ´jeneralean gauak nahiko lasaiak izaten dira Hernanin; batzuetan, gau batean, hiru lagun besterik ez dira etortzen, beste batean agian hamar, gehiago ez. Beste leku batzuetan, Donostian esate baterako, mugimendua handiagoa da, ia-ia etengabe aritzen dira, gau osoa zehar`
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!