Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolari durangarrek eta Josu Zabala (Hertzainak musika taldearen sortzaileetakoa), Aitor Rubio eta Xanpe musikariek osatzen dute Gu ta Gutarrak taldea, eta beren diskoa aurkeztuko dute gaur, Biteri kultur etxean, gaueko 22:30etan. Joan nahi dutenei badaezpada ere sarrerak aldez aurretik hartzeko dei egin die Hernaniko Bertso Eskolak, Biterin jende kopuru txikia sartzen baita. Sarrerak salgai daude gaur arratsaldeko 19:00ak arte Tripontzi eta Aralar tabernetan, 5 euroan. Sobratzen direnak jarriko dira Biterin.
Bertso jaialdia igandean
Gipuzkoako Txapelketako finalean izan ziren sei bertsolari ariko dira bertsotan, datorren igandean, kiroldegiko frontoian, arratsaldeko 18:00etan. Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Jon Maia, Jexux Mari Irazu, Aitor Sarriegi eta Unai Agirre ariko dira Joxe Luix Urdangarinen esanetara. Sarrerak salgai daude Aralar, Oindi, Tripontzi eta Leten, 6 euroan.
Berogailua frontoian
Bertso eskolak adierazi du berogailua jarriko dutela frontoian bertso jaialdirako.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!