Txantxillan 178 etxe egingo dituzte: 56 babestuak, 33 hitzartuak eta 89 libreak

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 27a, 01:00

Babestutako etxeak hernaniarrentzat izatea eta horietan erdia alkilerrekoa izatea ere erabaki du Plenoak. Añarbeko uren araztegia daraman enpresaren mozioa ere onartu zen.

Txantxillan 178 etxebizitza egiteko erabakia aspaldi hartua dago, baina babestutako, hitzartutako prezioko eta prezio libreko etxe kopurua aldatu egingo da, joan den osteguneko plenoak hala erabakita. 56 etxebizitza babestuak izango dira; 33 hitzartutako preziokoak, promotoreak banatuko dituenak; eta 89 prezio librekoak. Orain aurreko erabakiak zioen babes ofizialeko etxeak 33 izango zirela, 23 tasatuak Udalak adjudikatu beharrekoak, 39 hitzartutako preziokoak promotoreak adjudikatu beharrekoak eta 83 libreak. Erabaki honekin babes ofizialeko etxe kopurua igo egingo da eta horretarako, tasatutako etxe gutxiago eta etxe libre gehiago egingo dira, Arau subsidiarioak betetzeko.

Hernaniarrentzat
Babes ofizialeko etxeen kasuan, plenoak onartu zuen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Departamenduarekin hitzarmen bat sinatzea, 56 etxe horiek hernaniarrentzat izateko, eta erdiak alokatzekoak izateko. Txantxillako egitasmoko aldaketa EAEko Gobernu Taldeko eta EBko kideen aldeko botoekin onartu zen eta PSE-EEk, EAJk, EAk eta PPk aurka bozkatu zuten.

Buruntzaldeko kiroldegietako hitzarmena bertan behera
Buruntzaldeko kiroldegietako hitzarmena bertan behera uztea ere erabaki zuen plenoak. Kirol Patronatuak nabarmendu duenez, Hernaniko kiroldegiari ez dio inolako onurarik ekartzen oraingo hitzarmenak, Buruntzaldeko gainerako herrietatik erabiltzaile ugari etortzen baita Hernanira, baina Hernanitik inor gutxi joaten da besteetara. Aurrerago Buruntzaldean hitzarmen berri bat egitea ez du baztertu Hernaniko Udalak, baina hitzarmenak errealitate hori kontuan hartu beharko du. EAE, PSE-EE, EAJ, EA eta PPko zinegotziek alde bozkatu zuten eta EBkoa abstenitu egin zen.

Udaleko giza baliabideak bideratzeko programa
Plenoak onartutako beste puntu bat da Udaleko giza baliabideak zentzuz bideratzeko programa. Egoeraren azterketa biltzen du programak eta zenbait postu aldatu egingo dira (haurtzaindegiko udal langileak birkolokatu adibidez), postu batzuk moldatu eta berriak sortu, besteak beste. EAE, EAJ eta EBko zinegotziek bozkatu zuten programaren alde, PSE-EE eta EAko zinegotziek kontra bozkatu zuten eta PPkoa abstenitu egin zen.

Añarbeko uren araztegia daraman enpresak mozioa
Añarbeko uren gestioa Agasa enpresa publikoak eramaten du eta Loiolako uren araztegiko lanak subkontratatu egiten dizkio honek Aqualia enpreari. Aqualia enpresako komiteko kideek mozioa aurkeztu zuten lehengo asteko plenoan. Beren hitzetan enpresa berean baldintza oso desberdinetan ari dira lan bera egiten konbenio desberdinak medio, eta lan baldintza txarrak dituzte askok. Hernanik bi ordezkari ditu Añarbeko uren mankomunitatean eta langileen baldintzen alde egitea erabaki zuten Plenoan, aho batez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!