EMILIANO HUERTAS-ek nola amaitu zuen ezin izan da jakin. 1936an Frente Popularrak hauteskundeak irabazi zituenean preso politiko ugari amnistiatu zituzten, horien artean 34ko urriko iraultzan atxiloturiko hainbat hernaniar. Egongo al zen Huertas aske utzitakoen artean? Atera al zen bizirik Gerra Zibiletik? Ez da horrelakorik ezagutzen. Hernaniko hilketa ez litzateke berezia izango anarkistaren hutsegiteak sortutako morboagatik ez balitz. Izan ere, gerraurreko urteetan ohikoak ziren horrelako hilketa politikoak. Katalunian, adibidez, ehundaka atentatu izan ziren urte haietan, alde batetik eta bestetik. Aldi berean, anarkistak huts egin ez balu, Angiolillo, Canovasen hiltzailearen fama bera edukiko luke gaur egun, Dámaso Berenguer ez baitzen edonor.
Kubatik Estatu-buru izatera
Dámaso Berenguer y Fuste 1873an jaio zen San Joan de los Remedios izeneko herrian, Kuba kolonialean. Gainerako anaiek bezala, laster ekin zion karrera militarrari eta 1909tik Marokoko gerran parte hartu zuen. Rif-eko lurraldean ezaguna egin zen estratega militar abila izan zelako. 1929an, Primo de Riveraren diktadura erori zenean, Alfonso XIII erregeak Kontseiluko zuzendari izateko izendatu zuen eta horrela bihurtu zen Estatu-buru. Baina giro petrala zegoen ordurako, Berenguerrek dictablanda deituriko agintea ezarri zuen eta gaizki atera zitzaion jokaldia. Liskarrak gero eta ugariago kalean, Ortega y Gasset-en El error Berenguer artikulu batek hondoratu zuen militarraren ospea, horrela zioen filosofoak El Sol egunkari madrildarrean: ´Ez, ez da errata bat. Baliteke etorkizunean Espainiako historiaren liburuetan artikulu honen izen bereko kapitulu bat azaltzea. (...) Espresio honetan Berenguer ez da subjektua, objektua baizik. Ez da esaten errorea Berenguerrena denik, alderantziz, Berenguer errorearena dela, Berenguer errore bat dela`.
Errorea Hernanira
Ez luke inor harritu behar Espainiako agintari nagusietako bat XXgarren mende hasierako Hernanin bizi izan zela jakiteak. Mateo Sagastak ere Hernanin pasa zituen hainbat uda eta Maria Cristina erreginak bisita asko egin zituen garai haietan. Hernaniko ´Villas` auzoan hartzen zuten ostatu gizarteko goi-mailako aberatsek. Lehenengo villak Carrero lantegiko ingeniari alemanek eraiki zituzten. Laster bete zen ingurua baserri itxurako etxe neoeuskaldunez eta Schroeder bezalako lantegi arrazionalistez. Auzoa burgesentzako atseden-leku paregabea zen, Donostiako turismo eta ohituren eragina jaso zuen guztiz; horrelaxe bizi ziren Dámaso, bere alaba Anita eta gainerako osaba-izebak. Baina Hernani herri industrializatua zen eta ezkertiar nahiz abertzaleen artean tira-bira ugari izan ziren II. Errepublikako urteetan. Esaterako, Berenguer hil baino egun batzuk lehenago, Adarrara irteera egin zuten ezkertiarrek, ekainaren 2ko festa zela-eta: ´Adarra mendian gorri-jendea` zioen Argia astekariak; ´Milaka kamarada Hernaniko Errepublika plazan`, Trabajadores boletin sozialistak. Hernanin ez zegoen atsedenerako lekurik, eta Berenguer familiak ondo baino hobeto ikasi zuen hori ekainaren 6ko ilunabarrean.