Anarkista eta jenerala

Kronika - Erredakzioa 2007ko abe. 23a, 01:00

TRANBIAREN soinua Hernanin barrena galdu zenean, bi tiro entzun ziren Antziolako apeadero txikian eta ilunabarra txorien hegaldi bizkorrez margotu zen istant batean. Fernando Berenguer lurrean ageri zen, haren ondoan arreba Dolores, negar zotinka.

Bi tirok zulatu zuten señoraren bihotza
Antziolako hilketa hark zeresan handia eman zuen eta notizia Espainiako egunkari gehienetako portadan agertu zen. Berenguer familia ez zen edonor, ejertzitoan eta politikan erroturiko leinua zen. Dámaso Berenguer Espainiako Kontseiluko presidente bihurtu zenean jo zuen goia berenguertarren karrerak. Ondoren, II. Errepublikaren etorrerarekin, itzalean geratu zen eta 1932 inguruan Hernaniko ´Villa Albernia` erretiro-etxea erosi zuen Fernandok, sei anai-arrebetako batek. Familiako kide ugari bildu ziren etxe hartara, Dámaso buruzagia bertan konfinatu zuten baita ere, agintean izan zeneko demasak ordaindu zitzan. 1934ko ekainaren 6ean Dolores Berenguer Donostiara joan zen lagun bati bisita egitera, arratsalde pasan. Ohi bezala, tranbia elektrikoan itzuli zen, garraio seguru eta modernoena orduko hartan. Villa Albernia Antziolako apeaderotik metro eskas batzuetara zegoen, Galarretarako errepidea zeharkatzen duen zubitik gertu. Horrela, asteazken buruzuri hartan, etxerako paseotxoa egiteko asmoz arrebaren bila joan zen Fernando. Ibilbidea amildegi bihurtu zen ordea. Itzalak luze zeuden eta geltokiko bonbillaren argi dardartia ez zen gauari aurre egiteko gai. Anai-arrebek harrizko eskaileran gora egin zuten. Bapatean, sasi batzuen iluntasunetik irudi batzuk atera ziren, Berenguer jeneralak buelta eman orduko bi balak zulatu zioten jantzi dotorea. Hiltzaileek tximist gurdia baino azkarrago egin zuten alde, atzean 7,6 milimetroko bala-zorro parea eta garrasi batzuen ohiartzuna besterik ez utzirik.

Valentzia, egun batzuk lehenago
Encina herriko geltokiko erlojuari begiratu zion urduri gazteak. Bizitza laburra izan arren, Emiliano Huertasek bazekien lan egitea zer zen. Eskua indarrez eman zien bi konpaineroei, laneko torloju astunak estutzen zituen bezala. Konpartimentuan sartu eta hitz erdirik egin gabe hasi zuten bidaia hirurek, norbere pentsamenduetan, trenaren astinduen menpean. Itxaronaldi luze hartan, plana buruan errepasatu zuen libertarioak: Madrilera iristean Konfederazioak emandako dirua eta armak jaso eta taxia hartu behar zuten. Handik Donostiara, turista burges eta erreakzionarioen hirira. Ez zekien Hernani non zegoen, baina horrek ez zion ardura, aurkituko zuten nolabait pizti haren kobazuloa. Egun osoa pasa zuten etxe ingurua aztertzen. Auzoa villa neo-euskaldunez beterik zegoen, ´señoritoen etxeak` esango luke Huertasek. Arratsean, paper lantegietako lurrinak misterioz bete zituen kaleak, grisez jantzi baratzak eta soroak. Hiltzaileak oinak lokarturik zituen itzalak ikusi zituenean. Presarik gabe egiten zuten aurrera, orain pauso batzuk, orain geldialdi luze bat. Minutu amaigabe batzuen ondoren ordua iritsi zela somatu zuen: gordelekutik atera eta pistola automatikoaren bultzadak eskua eragin zion. Danbatekoaren oihartzuna burutik libratu zitzaionean entzun ahal izan zuen garrasia: ´Fernando! Fernando!`, orduan konturatu zen anarkista bere hutsegiteaz.

Gobernadorea hiltzailearen atzetik
Muga jaunaren ahotsa ozen entzun zuten kazetariek Donostiako Gobernu Zibilean: ´Fernando Berenguer jenerala hil dute Hernanin, hara nijoa oraintxe`. Emeterio Muga gobernadoreak ez zekiena zera zen, hilketa hura anekdota hutsa izango zela hortik aurrera jaso ziren liskarrekin konparatuta. Gobernadorearen kotxe ofiziala Villa Alberniara iritsi zenean bizilagun eta herritar ugari zegoen lorategian bilduta. Paraje hartatik zebilen gazte batek entzun zituen tiroak eta bihozkada batek eraman zuen krimenaren lekura. Bertako panorama ikusi bezain pronto jo zion abisua Zapiain epaileari. Honek jeneralaren heriotza ziurtatu besterik ez zuen egin. Antza, anai-arrebek etxeko logelara eraman zuten herioz zauritua eta bertan eman zuen azken hatsa. Kazetari eta goardia zibilen joan etorriak etengabeak izan ziren hurrengo egunetan. Hilketa politikoaren hipotesia bazterrean utzi zuten ikertzaileek; Fernando Berenguer militarra zen, Marokon ibilia eta Bartzelonako gobernu militarreko buru izandakoa, baina batere konfliktiboa. Jose Sanchez Guerra politiko anti-primoriveristaren kontrako epaian esku hartzea leporatzen zitzaion, hori omen zen bere bizitzako orbain bakarra. Biktimaren espediente horri jarraiki, polizia arrasto zehatzen bila hasi zen: ezezagun baten galdera tematiak etxeko lorazainari, oinatz markak lokatzetan, motorraren soinua gauaren iluntasunean... Lapurreta? Mendekua? Bitartean, familiak dolumin ugari jaso zituen Espainia osoko alderdi eta erakundeetatik. Anai-arreba eta iloba guztiak bildu ziren Antziolako etxean, hildakoa beilatu eta herritarrei harrera egiteko. Ostiralean, gorputza hilerrira eraman zuten bizkarrean hartuta, segizio ikaragarri batek lagundurik. Baina hiltzailearen berririk ez zen, eta ekaina herriko festetan galdu zen.

Hiltzailea harrapatua
San Joanetako ajea ustekabean pasa zitzaien hernaniarrei ekainaren 27ko biharamunean. La Voz de Guipúzcoa egunkari errepublikarrean irakurri zitekeen notizia: En Huarte-Araquil detuvo la Guardia Civil a un anarquista que dijo ser uno de los autores del crimen de ‘villa Albernia’. Albistea bolo-bolo zabaldu zen eta hiltzailearen inguruko esamesak laster hasi ziren Estatuko prentsan: ´El citado individuo se llama Emiliano Huertas Rojas, natural de Valencia, de 27 años, mecánico de oficio y de filiación anarquista` (La Cruz egunkaria, Tarragona). ´Varios caballeros le entregaron una inportante cantidad de dinero` (El Noroeste, Gijón). Kalabozoko izkina batean, anarkistak aurpegi zurbilez hitz egin zion pareko poliziari: ´...gero konturatu nintzen, nahi gabe izan zen`. Komisarioaren begiak guztiz ireki ziren, zur eta lur. Parece comprovarse que el atentado iba contra su hermano Dámaso, irakurri zitekeen hurrengo eguneko titularretan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!