HERRI mailako aurreneko bizikleta eguna antolatu dute datorren iganderako, abenduaren 30erako. Egun horretarako 4,5 kilometroko ibilbidea prestatu dute: Plaza, Atzieta, Balantxa, Landare, Sagastialde, Latsunbe eta Urbieta eta Izpizua kaleetan barrena. Asmoa da herritarrak, haur, gazte, eta heldu, bizikleta eta kaskoa hartzera gonbidatzea, egun horretan ibilbide hau egitera animatzea eta, batez ere, goiz pasa ederra egitea.
Ekimena goizeko 09:30etan hasiko da Plazan eta eguerdiko 12:00ak arte iraungo du.
Ekimen honen antolaketa eta prestakuntza lanetan dabiltza, JOCC-Zikuñako Ama zikloturista taldea, Hernaniko Udal Kirol Patronatua eta herriko ikastetxe guztiak. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere lagundu du.
Seguritate neurriak
Antolatzaileen asmoa da bizikleta egunean adin guztietako txirrindulariak animatzea parte hartzera, baita lau gurpiletan dabiltzan txirrindulari hasi berriak ere. Hori dela eta bidegurutzeetan eta bidean zehar seguritate neurriak asko zaindu dituzte. Ikastetxe bakoitzetik zenbait guraso izango dira ibilbidean zehar trafikoa kontrolatzen eta baita udaltzainak ere. Zenbait kale ere kotxeentzako itxi egingo dituzte eta beste kale batzuk norabide bakarrera mugatuko dituzte. DYAko kideak ere izango dira eta parte hartzaile guztiek izango dute Udalaren eta Diputazioaren asegurua.
Horrez gain, Tilosetan bide heziketa zirkuitoa jarriko dute (euria egingo balu Atsegindegin) eta bertan udaltzainak izango dira bide heziketari buruzko azalpenak ematen: bizikletan nola ibili behar den, preferentziak, seinaleak... eta abar.
Ibilbide hasieran ere, Plazan, zenbait azalpen emango dituzte: norberaren neurrira bizikleta nola moldatu, kaskoa jartzea derrigorrezkoa dela eta abar.
Bizikletarik ez duenak ere ez du parte hartzeko aitzakiarik, Udaltzaingoak zenbait bizikleta eta kasko jarriko baititu behar dituenaren eskura.
Parte hartzaile guztientzat hamaiketakoa izango da, debalde.
Bizikletan ibiltzea eta bide gorri sarea egitea sustatu
Antolatzaileen hitzetan ekimen honen helburua da eguneroko bizitzan bizikletan ibiltzea sustatzea. ´Orain herrian ez dago bide gorri sare bat, baina ona izango litzateke auzo guztietatik erdigunera bizikletan joateko bideak jartzea, eta jendeak bizikleta eguneroko bizitzan erabiltzea, horrek asko murriztuko luke kotxeekin eta aparkamenduekin dagoen arazoa` diote.
Marrazki lehiaketa
Bestalde, Bizikleta Eguna iragartzeko kartela osatzeko eta pegatinak egiteko marrazki lehiaketa antolatu zuten. Irabazleak, Irantzu eta Loinaz Etxaniz ahizpak izan dira.
Hamaiketakoa
debalde eta behar izanez gero
bizikleta eskura
Egitasmoaren antolatzaileek erraztasunak jarri nahi izan dituzte ahalik eta jende gehiena ekimenean parte hartzera animatzeko. Besteak beste, honakoak izango dira:
-Bizikleta eta kaskoa eskura behar duenarentzat.
-Ibilbide hasieran, bizikleta egokitzen lagunduko dute eta oinarrizko zenbait azalpen emango dituzte.
-Boluntarioak eta udaltzainak bide guztian barrena.
-Bide hezkuntza zirkuitoa Tilosetan, karreteran nola ibili behar den ikasteko.
-DYAren zerbitzua eta Udalaren eta Diputazioaren asegurua denentzat.
-Hamaiketakoa debalde.