Olentzero prest dago Hernanira etortzeko eta aurten ere aukera desberdinak izango ditu. Lehen orduan, astelehen arratsaldeko buelta izango du, urteroko moduan, Plazatik irten eta baserriz baserri. Baserri eta sagardotegietan barrena ibiltzen da Olentzero eta sagardo berria probatzeko aukera izango dute berekin batean joaten direnek. Zita, astelehen arratsaldeko 15:00etan egin dute Gudarien plazan, bertan kantu liburuxkak banatu eta buelta hasteko. Zikuñaga auzotik hasi eta Osiñaga bailarara joango dira, berriz ere herrira bueltatzeko, herriko bertsolari eta musikarien laguntzarekin. Herritar talde batek antolatzen du baserriz baserriko Olentzeroa, Dobera Euskara Elkartearen laguntzarekin. Antolatzaileek dei egin diete herritarrei bertara azaltzeko, baserritar jantzian.
Olentzero Kaxkoan barrena
Olentzero Kaxkoan barrena ere ibiliko da astelehenean, arratsaldeko 18:00etatik aurrera. Ttarla dantza taldearen eskutik, herriko neska-mutilek izango dute bera ikusi, berekin egon eta opariak jasotzeko aukera, urteroko moduan. Horrez gain, Gabon kantak kalez kale entzuteko aukera ere izango da astelehenean Hernanin: Parrokiko abesbatza arratsaldeko 17:30etan irtengo da Apaizetxetik erronda egiteko; eta Gabon Gaueko erronda egingo du Musika Bandak, ilunabarreko 20:00etan, Plazan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!